Bikote mutrikuarra, ilunaldian argitsu
Eñaut Urreisti eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrek 2 eta 0 irabazi diete Zumaia Master Seriesaren finala Xabier Barandika gernika-lumotarrari eta Jon Zabala markina-xemeindarrari. Emakumezkoen finalean, Ihart Arakistain sopeloztarra eta Frida Watkins zumaiarra 2 eta 1 gailendu zaizkie Helena Barrenetxea durangarrari eta Maia Goikoetxea berriatuarrari.

Ilunaldi elektrikoagatik gogoratuko den 2025eko San Telmo egunak [apirilak 28] itsasargi propioak eduki zituen: Eñaut Urreisti eta Mikel Mantzisidor. Bikote mutrikuarra merezimendu osoz nagusitu zen Zumaiako Master Seriesaren gizonezkoen finalean, Xabier Barandikak eta Jon Bullet Zabalak osaturiko bikote gernika-lumotarra 2 eta 0 menpean hartuta.
Mutrikuarrak iaz bigarrenak izan ziren, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Unai Uranga zumaiarrak irabazita. Aurten, baina, ez dute inondik inora barkatu. Lehiaketaren finalera merezimendu osoz sailkatuta, azken txanpan ez zieten aukerarik laga gogor saiatu ziren Barandikari eta Lekerikari. Urreistik ez zuen beste batzuetan bezainbesteko erabakigarritasunik kantxaratu erremateetan, baina Mantzisidorrek pilotalekuaren atzealdeko koadroetan bistaratutako dominantziak balantza orekatu zuen. Gainera, Urreistik berak ere, jokoan gutxiago sartuagatik ere, sartu zenean bikain asmatu zuen jokaldiak biribiltzen.

Argazkia: Jai Alai News.
Barandikak eta Zabalak, beraien aldetik, partidu hasiera txukuna egin zuten. Edozelan ere, mutrikuarrek finalari neurria hartu ziotenean, ezer gutxi egiterik eduki zuten gernika-lumotarrak eta markina-xemeindarrak. Hala, 15 eta 12koarekin gailendu ziren lehen setean, eta bigarrenean boladari jarraipena eman zioten, lanak 15 eta 10eko markagailuarekin amaitzeko.
Emakumezkoen finalean, Frida Watkinsek jardunaldi erraldoia bizi izan zuen, etxeko jarraitzaileen aurrean eta hazten ikusi duen Aitzuri frontoian. Bere ehen txapel handia eskuratu ahal izan zuen zumaiarrak, aurten Berriatuko nahiz Lekeitioko Master Seriesen finaletara iritsi ondoren. Ihart Arakistain sopeloztarrarekin bikotea osatuta, maila handiko jokoa oparitu zieten ikusleei, Helena Barrenetxea durangarraren eta Maia Goikoetxea berriatuarraren kontra.
Atsedenaldira 8 eta 4koarekin iritsi ziren, baina Barrenetxeak eta Goikoetxeak egoera irauli zuten, 11 eta 13koa edota 12 eta 14koa lortuz. Azken zatian, baina, ez zuten jakin seta beraien aldekoarekin zarratzen, eta 15 eta 14 galdu zuten. Bigarrenean, ostera, egoera bestelakoa izan zen: bikote horia hasieratik amaierara nagusi izan zen. Markagailuak 1 eta 4, 6 eta 8, 9 eta 13 eta, azkenik, 13 eta 15 egin zuen durangarraren eta berriatuarraren alde.

Argazkia: Jai Alai News.
Berdinketa hausteko hirugarren setean, aldiz, Arakistainek eta Watkinsek burua lehengo lepotik erakutsi zieten arerioei, eta finalari buelta eman zioten. Watkinsek segurtasun osoz jokatu zuen azken seta, eta Arakistainek erremate bikainak erdietsi zituen, batik bat, saihetsetik. 5 eta 3ko markagailuarekin, egun distiratsua izan zen etxeko puntistarentzat; sopeloztarrak, bere aldetik, aurtengo bigarren txapela jantzi zuen, Berriatuko finalean ere nagusitu ondoren.