'Danon Ondarru!' sentsibilizazio kanpaina maiatzaren 7an hasiko da
Ondarroako Udalak eta ongizate batzordea osatzen duten herriko zenbait taldeek 'Danon Ondarru!' sentsibilizazio kanpaina antolatu dute, maiatzaren 7tik 25era bitartean.

Maiatzaren 7an [eguaztena] abiaraziko dute Ondarroako Udalak eta ongizate batzordea osatzen duten herriko zenbait taldeek Danon Ondarru! sentsibilizazio kanpaina, eta maiatzaren 25era [domeka] arte luzatuko da udalerrian kontzientziak piztea helburu duen egitasmoa. “Ongizate arloan herriko taldeek egiten duten lana ikusarazi eta azpimarratu nahi dugu kanpaina honegaz. Ongizateko taldeak dira sistemak dauzkan hutsuneak estaltzeaz arduratzen direnak, eta beraiei esker, Ondarroa justuagoa eta inklusiboagoa da. Beraz, isilpean egiten duten lana bistaratu nahi dugu”, adierazi du Esti Arruti Osa Ondarroako Udaleko ongizate zinegotziak.
Hala, maiatzaren 7tik [eguaztena] 25era [domeka] bitartean askotariko ekintzak egongo dira Ondarroan: “Maiatzaren 10ean [zapatua] Arroz Jaia egingo du Danon Artin Elkarteak, 10:00etatik 15:00etara bitartean. Arroz bilketa egingo dute eta herritarrei arroz paketeak eramateko eskaria egin diete”. Gainera, udaletik jakinarazi dutenez, paella prestatuko dute zuzenean, eta bi euroren truke lortu ahalko da. “Helburu bikoitza du jaiak: batetik, arroz bilketa egitea Danon Artin Elkarteko erabiltzaileentzat, eta bestetik, paella eskaintzea diru sinboliko baten truke”.
Maiatzaren 16an [barikua] Ibon Oregi kirolari markina-xemeindarraren hitzaldia egongo da udalak antolatuta, 18:30ean, Kofradia Zaharrean. Aparretan bizi hitzaldia eskainiko du Oregik, bere bizipenetatik abiatuta: “2020ko urrian auto batek harrapatu zituen bera eta bere lagun bat maratoi bat prestatzen ari zirela, eta ondorioz, hanka galdu zuen. Beraz, gertaera horretatik abiatuta eskainiko du berbaldia”.
Maiatza ekimenez bete ostean, 25ean [domeka] Alamedan elkartuko dira antolatzaile guztiak kanpainari amaiera emateko. Bertan, bakoitzaren elkarteari buruzko informazioa emateko mahaiak jarriko dituzte, eta taldera nola batu azalduko dute. Horrez gain, egunean bertan, lehen sorospen tailerra, baliabideen erakusketa eta meentzako jarduerak eskainiko ditu Gurutze Gorriak Itsasaurren. “Kanpainak dirauen egunetan, herriko taldeek euren jarduna azalduz grabatutako bideoak ere zabalduko dira udalaren sare sozialen bitartez”.
Udalerriko elkarteen isilpeko lana “ezinbestekoa” dela aldarrikatuko dute sentsibilizazio kanpainaren bitartez. Elkarteak eta hauek aurrera eramaten duten lana ezagutaraztea beharrezkoa dela azpimarratu du Arrutik: “Alor desberdinetan dihardute lanean egunero, herri hobeago bat egiteko. Herritar askok ez dute jakingo Ondarroan hainbeste ongizate talde dauzkagunik eta are gutxiago nor dagoen horren atzean edo zein den euren jarduna. Taldeak ezagutarazi, egiten duten lana erakutsi eta horietara nola batu, gerturatu edo lagundu azaltzea ere badira kanpainaren helburuak”. Hala, Ondarroako Udaletik eskerrak eman dizkiete kanpainan parte hartu duten guztiei: “Eskerrak baita ere, herri hobe bat izateko egiten duten lan guztiarengatik”.
EGITARAUA
Maiatzak 7, eguaztena
- 18:30. Fibrosi kistikoa. Bizitza berri bat trasplantearen ondoren hitzaldia Patxi irigoienen eskutik, Kofradia Zaharrean. Arnasa Elkarteak antolatuta.
Maiatzak 8, eguena
- 18:30. Alzheimerraren diagnosia, tratamendua eta ikerketa gure gizartean hitzaldia Miren Altuna neurologoaren eskutik, Kofradia Zaharrean. Oroitzen Elkarteak antolatuta
Maiatzak 9, barikua
- 18:30. Alkoholarekin bizi hitzaldia, Kofradia Zaharrean. AA eta AL-ANON Elkarteak antolatuta.
Maiatzak 10, zapatua
- 10:00-15:00. Arroz Jaia eta Paella jana Itsasaurren. Arroz bilketa egingo da. Danon Artin Elkarteak antolatuta.
Maiatzak 16, barikua
- 18:30. Aparretan bizi hitzaldia, Ibon Oregi kirolariaren eskutik, Kofradia Zaharrean. Ondarroako Udalak antolatuta.
Maiatzak 18, domeka
- 09:00. Joeletten ikastaroa, Alamedan. Mediko gurpildun aulkia nola mugitu ikasteko.
- 09:30. Mendi irteera Alamedatik. Karenka Elkarteak antolatuta.
Maiatzak 20, martitzena
- 18:30. Fibrosi kistikoa. Gaixotasun kronikoarekin bizitzea hitzaldia, Ianire Garai Pineda psikologoaren eskutik, Kofradia Zaharrean. Arnasa Elkarteak antolatuta.
Maiatzak 21, eguaztena
- 18:30. Nola jokatu iktusaren aurrean hitzaldia, Eladino Gonzalez medikuaren eskutik, Antiguako Aman. Antiguako Ama Elkarteak antolatuta.
Maiatzak 22, eguena
- 11:00. Boccia kirol egokitua, kiroldegiko kantxan. Gorabide Elkarteak antolatuta.
Maiatzak 25, domeka
- 11:00-14:00. Lehen sorospen tailerra, baliabideen erakusketa eta ueentzeko jarduerak, Itsasaurre. Gurutze Gorriak antolatuta.
- 11:-14:00. Herriko elkarteen informazio mahaiak, Alamedan. Herriko elkarteek eta Ondarroako Udalak antolatuta.