Plaza Beltza, kolorez beteta
Lekeitio Lagunkoia taldeko kideen ekimenez, Plaza Beltzeko hainbat horma umeek margotzeko prestatu dituzte.

Herriko hainbat txoko apaindu eta biziberritzen ari dira Lekeitio Lagunkoia taldekoak. Apirilaren 14an Kontzejupea margotuta, joan den bariku eta zapatuan [apirilak 25 eta 26] Plaza Beltza apaintzeari ekin zieten. Hala, Lagunkoia taldekoek antolatu, eta ekimenagaz bat egin zuten Abaroa Auzolan taldeko eta Denbora Bankuko kideek ere; garajeetara sartzeko eraikineko hormak pintatu eta umeentzako margo tokia prestatu zuten.
Jakitera eman dutenez, Ispaster izan da euren inspirazio iturria: “Ispasterren iaz frontoiko kanpoko horman egin zuten halako ekintza bat, eta ikusita zelako arrakasta izan duen umeen artean, Lagunkoi taldeak udalari proposamena egin zion. Udalak proposamena onartu zuen, eta baliabideak ipini ditu ekintza egin ahal izateko”. Hori horrela, barikuan bertako eserlekuak lixatu eta margotu zituzten, eta baita hormak garbitu eta margotu ere. Nabarmendu dutenez, taldelana “ezinbestekoa” izan zen ekimena aurrera eroateko: “Bilbo, Senegal eta Lekeitioko boluntarioak ibili ziren elkarrekin lanean. Barikuan goiz eta arratsalde zazpi ordu inguru igaro genituen lanean, eta hamar boluntario nagusi eta Gasteizko bi ume ibili ziren lanean. Zapatuan eguraldi euritsua bazegoen ere, berriro hamaika boluntario nagusi eta hiru umek parte hartu zuten”.
Txukuntze lanak amaituta, zapatuan [apirilak 26] zabaldu zuten umeentzako gune berria: “Aurkezpena egin ondoren ospakizuna hasi zen. Partaideei pastela, txokolatea eta gailetak banatu genizkien, eta bitartean umeak margotzen aritu ziren. 60 ume inguruk parte hartu zuten, urtebetetik 16 urtera bitartekoak”. Ume, guraso nahiz antolatzaile, denak pozik ageru dira egitasmoagaz: “Ume askok euren esker ona erakutsi ziguten. Eraikineko bi alderdietan aritu ziren margotzen. Amandarri eta Garraitz kirol taldeetako karpak oso lagungarriak izan ziren. Amaieran espazio guztia ondo beteta utzi zuten umeek. Umeak ez ezik, gurasoak eta Auzolanian Bixi-Bixi taldekoek ere parte hartu zuten ekintzan”.
Emaitzagaz pozik geratu dira antolatzaileak, eta gogorarazi dute tokia urte guztian erabilgarri egongo dela: “Bertara joan eta bakoitzak bere pinturak eroanda margotu ahalko da. Lagunkoi taldea arduratuko da hilean behin edo betetzen denean berriro ere horma margotu eta margolan berriak egiteko prest uzteko”.































