Uni, zesta-puntaren topaleku
Eskolen topaketak eta Grabniko finalerdiak hartu ditu Uni frontoiak iragan zapatuan.

Zapatuan [apirilak 26] zesta-puntak hartu zituen Markina-Xemein eta Etxebarriako kaleak. Izan ere, goizean, Euskal Herriko zesta eskolen topaketak egon ziren, eta arratsaldean, Grabniko finalerdien txanda izan zen. «Kasualitatea izan zen dena egun berberean antolatzea. Zesta eskolatik antolatu genituen topaketak, eta Grabniko finalerdiak Bizkaiko Federazioak antolatu zituen. Azkenean egun borobila gelditu zen, eta, gainera, behin jaialdia amaituta, ume guztiak txapelketa ikusten gelditu ziren».
Euskal Herri osotik 140 ume joan ziren topaketetara, eta guztira 350 lagun batu ziren bertan. 10:00etan eman zioten hasiera topaketei, eta lau frontoitan banatu zituzten umeak: «Etxebarriko eta Barinagako fronotietarako autobus zerbitzua jarri genuen, eta Markina-Xemeingo Uni frontoian eta frontoi txikira ere bideratu genituen umeak». Lau frontoietan kinielak jokatu ondoren, 14:00etan amaiera eman zioten goizeko saioari, eta Plazaberripean batu ziren denak, herri bazkariaren bueltan. 15:15ean ekin zioten arratsaldeko saioari, eta oraingoan, Uni frontoian batu ziren denak. 18:15era arte kinielak jokatu zituzten umeek, eta 18:30ean Grabniko finalerdiak hasi ziren. «Bi ekitaldiak egun berean izatearen ondorioz, egun osoko zesta punta eguna izan genuen Markina-Xemeinen».
Harremanak sendotuz. Zesta Eskolatik zapatuko topaketen balorazio «oso ona» egin dute, eta umeek harremanak egiteko balio izan duela ere azpimarratu dute: «13 zesta eskolak parte hartu zuten zapatuko topaketetan, eta gure aldetik balorazio oso positiboa egiten dugu. Euskal Herri mailako topaketak dira eta, gure umeak ere bestelako herrietara joaten diren bezala, Markina-Xemeinen ere antolatu nahi izan ditugu aurten, gainontzeko umeek ere frontoi desberdinak ezagutzeko. Bizkaia mailan nahikotxo mugitzen dira gure umeak, baina eremua zabaldu, eta Nafarroara, Ipar Euskal Herrira, Gipuzkoara edo Arabara joatea eta jendea ezagutzea ere bultzatu nahi genuen topaketekin»