Arantza Ibarrak '2000, punto cero' liburua argitaratu du
Ondarrutarraren bosgarren liburuan ama lurra izango da protagonista, eta azken urteetako aldaketez hitz egiteaz gain, datozenetan ere jarriko du fokua. Barikuan [maiatzak 2] Ondarroako Idiakez liburu dendan egongo da liburuak sinatzen.

Arantza Ibarra ondarrutarrak 2000, punto cero. El sentir y el despertar de la tierra liburua argitaratu berri du, eta barikuan [maiatzak ] Ondarroako Idiakez liburu dendan egongo da liburuak sinatzen, 18:00tatik 20:00etara. Kontzientziak pizteko ariketa gisa difinitu du Ibarrak bere lana, eta ama lurra protagonista izanda, lehen pertsonan hitz egiten dio irakurleari; 2020tik gaur egunera arteko aldaketei buruz hitz egin, eta 2025ean eta 2026ean etorriko direnak ere kontatzen ditu. “Ama lurrak modu batera edo bestera adierazi digu urte guzti hauetan bizitzen ari dena; esaterako, uholdeak, suteak edo lurrikara bidez. Lurrak horrela zergatik erantzuten duen ulertzeko azalpenak ematen dizkigu liburuak, eta gizakion jarrerek naturan duten eragina azpimarratzen du”.
Bi ataletan banatu du liburua Ibarrak. Lehen atalean aldaketei buruz hitz egiten du, egon direnak eta datozenak, eta bigarrena, “iparrorratza” dela dio autoreak. “Ama gisa hitz egiten digu ama lurrak. Kontzientziak piztu eta ingurumena zaintzeko eskatuz, maitasunez baina aldi berean gogor. Berak argi dauka aurrera jarraituko duela, gizakion laguntzarekin edo gabe; izan ere, gu aldi baterako gaude hemen soilik, eta berak jarraitu egingo du”. Horrez gain, planetek gizakiengan daukaten eragina eta Akuario aldiari buruz ere hitz egiten du liburuak: “Akuario aro astralean gaude, eta honek esan nahi duena zera da, datorren guztia haizearen bidez edo haizetik etorriko dela. Horregatik, 2025. urtean ezustekoak izango ditugu. Urte gogorra izango da aurtengoa, eta hurrengoa, are gogorragoa”. Hala, egileak deriotzon “ezustekoei” aurre egin edo hauek leuntzeko, gizakiak pausoz pauso aldaketak ematen hasi behar direla azpimarratu du, “nahiz eta aldaketa txikiak izan, berehala hasi behar gara”.
Orain arte argitaratutako liburuak “espiritualagoak” izan direla azpimarratu du egileak; argitaratu berri duena, berriz, publiko zabalagoari bideratutakoa dela zehaztu du: “Liburua esku askotatik pasatzea gustatuko litzaidake, zenbat eta pertsona gehiagok irakurri, orduan eta kontzientzia gehiago piztera helduko bailitzake. Momentu garrantzitsu batean gaude, eta ama lurra zaindu nahi badugu aldaketak egin behar ditugu. Horregatik da garrantzitsua liburua esku askotatik pasatzea, iparroratz gisa, munduari laguntzeko”.