Ardaxka argitaletxe berria aurkeztu dute, euskarazko lanak munduan eskuragarri jartzea helburu duena
Atzerrian bizi diren euskaldunek sortua eta atzerrian bizi diren euskaldunentzat pentsatua da Ardaxka, eta literaturaren klasikoak eskaintzen ditu euskaraz.
Liburuaren Nazioarteko Egunean eta Sant Jordiren ospakizunetan, apirilaren 23an, Ardaxka argitaletxe berria aurkeztu zuten Bartzelonako Euskal Etxeak Sant Jordi azokan zeukan postuan. Euskarazko liburuak bakarrik argitaratzen dituen argitaletxe horrek berezitasun bat dauka: Euskal Herritik kanpo jaio eta Euskal Herritik kanpo liburuak saltzea du helburu.
“Ardaxka sortu dugun guztiok Euskal Herrian jaio eta hazi ginen. Arrazoi profesionalak edo pertsonalak tarteko, kanpora jo behar izan genuen. Eta, denborarekin, konturatu ginen guztiok arazo bera geneukala: ez genuela euskarazko liburuetara sarbiderik, edo oso garestiak zirela. Orduan piztu zen ideia: eta guk geuk egiten badugu?”, azaldu du Maider Manceron itzultzaile eta argitaletxearen sortzaileetako batek.
Horrela hasi zen proiektua: behar batetik, hutsune batetik, baina baita amets batetik ere. “Hasieran, behar hori gurea bakarrik zela uste genuen, baina bakarrak ez ginela ikusita, pixkanaka, euskarazko liburuak mundura zabaltzeko ametsa propio bilakatu zen”, diote. Hala, 2024 amaieran, euren lehen liburua argitaratu zuten.
Bi lan ildo ditu proiektu berriak: batetik, euskarazko liburu zaharrak berreskuratzea, gal ez daitezen eta jatorrizko hizkuntzan bizirik iraun dezaten; eta, bestetik, klasiko unibertsalak euskaratzea, “betiere lehenengo edizioak abiapuntutzat hartuta, xehetasun guztiak zainduz, euskaldunek ere ondare literario horretan parte har dezaten”. Hori lortzeko, administrazioekin, liburutegiekin, unibertsitateekin edota elizarekin harremanetan egon direla diote, jatorrizko testuak eta lehen manuskriptoak berreskuratzeko. “Gure helburua euskarazko liburuak eskuragarri egitea da, bizi zaren tokia edozein dela ere, eta beti prezio justu eta eskuragarrian”, gehitu dute.
Izan ere, euskara mundura zabaltzeko asmoz jaio dela Ardaxka dio, “munduko literatura gure hizkuntzara ekarriz eta gure klasikoak bizirik mantentzeko helburuarekin”.
Argitaletxearen xedea munduko edozein lekutan bizi diren euskaldunentzat euskarazko literatura eskura jartzea da. Hala, euren liburu bilduma www.liburuak.eus atarian jarri dituzte dagoeneko; bertan, XIX. eta XX. mendeko euskal klasikoak ez ezik, Edgar Allan Poe, Emile Zola edo Giovanni Verga bezalako idazle unibertsalek euskaratutako liburuak aurkitu daitezke.
Banaketari dagokionez, mundu osoko inprimategiekin egindako akordioei esker, liburuak bi eguneko epean ailegatzen dira edozein lekura: Bartzelona, New York edo Berlinera. “Eta logistika sare horri esker oso prezio txikian lortzen da hori: badira 6 eurotan etxean jaso daitezkeen liburuak”, esan dute arduradunek.