Bizkaiko Foru Aldundiak bidegorria egingo du Markina-Xemeindik Etxebarriara
1,3 kilometroko bidea izango da, Markina-Xemeingo irteeran hasi eta Etxebarriko Nemak industrialdeko sarreran amaituko dena. Lanek hamabost hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute, eta 4,8 miloi euroko kostua izango du.
Bizkaiko Foru Aldundiak Markina-Xemein eta Etxebarria lotuko dituen bidegorria eraikitzeko proiektua onartu du. Jakitera eman dutenez, babestutako bizikleta erreia izango da, eta 1,3 kilometro luze izango ditu.
Bi-2636 errepidearekiko paraleloa izango da bidegorria, eta ibilgailuen zirkulaziotik “erabat bereizita” egongo da. 3,5 metroko zabalera izango du, 1,75 metroko bi erreietan banatuta; 0,3 metro gehituko dituzte segurtasun hesiak eta bestelako babes elementuak ipintzeko. BFAk aurreikusi duenez, lanek hamabost hilabeteko iraupena izango dute, eta 4,8 miloi euroko aurrekontua bideratuko dute horretara.
Markina-Xemeingo irteeran hasiko da bidegorri berria, Munibe jauregiaren portalean, eta Etxebarriko Nemak industrialdeko sarreran amaituko da, BI-2636 errepidea eskuinaldetik hartuz. Aurrera begira, bidegorria luzatzeko asmoa ere erakutsi du BFAk: “Ondorengo beste fase batzuetan, bizikleta bidea Etxebarriko herrigunetik luzatzea aurreikusten da”.
BFAk adierazi duenez, tarte berria “aukerabide seguru eta jasangarria” izango da erabiltzaileentzat: “Aisialdi edo kirol azpiegitura izateaz gain, benetako mugikortasun aktiborako azpiegitura ere izango da herritar guztiontzat, bai eta gaur egungo oinezkoentzako Urko bidearen osagarria ere, bide horretan ezin baitira motordunak ibili”.
Bidegorriaren bitartez “mugikortasun garbiago eta eraginkorrago bat” sustatzea du helburu BFAk: “Jarduketa horren bidez, BFAk aurrera jarraitzen du Europar Batasunak berotegi efektuko gas emisioak murrizteko ezarritako helburuetarantz; BFAren Bizkaiko Energia Iraunkorreko Estrategia 2030aren esparruko proiektu bat da hori”.

Nemak industriagunearen parean amaituko da bidegorria Etxebarrian.
Bizikleta bideen sarean
Era berean, Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta Bideen Plan Sektorialaren (BLBBPS) baitan egongo da bidegorria, eta Artibai L-6 lineako R 6.2 adarra izango da; gaur gaurkoz, 365,5 kilometro ditu, bost linea nagusi eta bigarren mailako hogei lineatan banatuta.
Linea nagusiei dagokienez, 123,8 kilometro ditu osotara, lurralde historikoak ardatz hartuz antolatuta: Nerbioi-Ibaizalba, Arratia eta Durangaldeak osatzen dute L-1 linea, 42,7 kilometrogaz; Txorierrik eta Mungialdeak, L-2 linea, 18,6 kilometrogaz; Eskuinaldeak eta Uribe Kostak L-3 linea, 18,1 kilometrogaz; Ezkerraldeak, Meatzaldeak eta Enkarterrik L-4 linea, 24,9 kilometrogaz eta Bilbok L-7 linea, 19,4 kilometrogaz.
Gaineratu dutenez, egitura horri bi ardatz estrategiko ere gehitu dizkiete: Urdaibai (L-5 linea) eta Artibai (L-6 linea). Lea-Artibairi dagokionez, gogorarazi dute Gipuzkoako Bizikleta Sarearekin lotzen dela Ondarroa eta Mutriku arteko tartearen bitartez.
Bigarren mailako lineak, ostera, 241,7 kilometro luze dira, eta BFAk funtsezkotzat jo ditu “lurraldea konektatzeko: “Haien ibilbideak linea nagusiari batzen zaizkio, beste eskualde eremu batzuetara iristen dira, eta horrela, sarearen kapilaritatea hobetu eta eragin eremua handitzen da”.