Bueltan da Iparraldeko Haizeak jaialdia
Errelebo faltaren ondorioz iaz ez zen Iparraldeko Haizeak jaialdia egin; aurten, ostera hainbat lagunek hartu dute ekimena aurrera eroateko ardura. Maiatzaren 16 eta 17an ospatuko dute jaialdia, eta tartean, Sukalki Txapelketa egongo da; izena eman behar da maiatzaren 5erako.
Aittitta Txiki Kultur Taldea martxan da berriro ere. Iaz errelebo faltaren ondorioz ezin izan zuten ez Iparraldeko Haizeak jaia eta ezta marmitako lehiaketa ere antolatu. Aurten, ostera, haize berriak ari dira jaialdia antolatzen: “Iparraldeko Haizeak ekimen garrantzitsua izan da herrian, sekulako harrera eduki duena. Iaz ez zenean deialdirik egon hainbat herritar arduratu egin ginen, eta Aittitta Txiki Kultur Taldearekin harremanetan ipini ginen”. Hala, herriko kuadrila, talde, mugimendu, elkarte nahiz eragilek hartu dute jaialdia antolatzeko ardura, Aittitta Txikiko antolatzaile beteranoekin batera.
Aurreratu dutenez, egitaraua betiko ildotik ari dira antolatzen, baina hiru egun izan beharrean, bi izango dira, maiatzaren 16a eta 17a. Izan ere, maiatzaren 18an Bizkaiko Dantzarien Eguna ospatuko da herrian. Maiatzaren 17an urteroko sukalki txapelketa antolatuko dute; izen ematea martxan egongo da astelehenera arte [maiatzak 5]. Sare sozialetan zabaldu duten galdetegiaren bitartez eman behar da izena.
Azaldu dutenez, hiru modutara aurkezteko aukera egongo da: plazan, elkarte gastronomikoetan edo tabernaren batekin elkarlanean. Era berean, ohi bezala, mahaien eta aulkien alokairua ordaindu beharko dute aurkezten diren taldeek: aulki bakoitzeko 2 euro ordaindu beharko dira, eta mahai bakoitzeko, 6 euro (6 pertsonako mahaiak dira). Janariari dagokionez, 2 kg okela, 3 kg patata, piper berdeak eta 1 kg tipula banatuko dituzte. Bai materiala eta bai janaria plazan jaso beharko ditu taldeetako bakoitzak; gainerako materiala talde bakoitzaren ardura izango da.
Berrikuntza.
Antolatzaile berriek egitasmo berriak dakartzate, eta horietako bat Sukalki Txapelketagaz batera helduko da: “Orain arte gisatu txapelketan lagun talde bakoitza elkarte gastronomiko edo taberna batera lortzen zen; sukaldatu eta bazkaldu bertan egiten zuten. Aurten kontrakoa indartu nahi izan dugu: plaza izatea kuadrillen erdigunea. Modu horretara, alde batetik, elkarterik ez duten taldeek ere toki bat edukiko dute. Beste aldetik, ez dugu nahi bakoitza toki batean egon eta elkarrekin harremanik eduki gabe egiten den txapelketa bat izatea. Elkarrekin harremantzea nahi dugu, eta guzti hori plazan batzea pentsatu dugu. Hori da indartu nahi duguna”.