Lanbidearteko Gutxieneko Soldata erdigunean, Maiatzaren Lehenean
Gutxieneko soldata igotzea, pentsio propioak ezartzea eta hezkuntzako langileen lan baldintzak negoziatzea eskatuko dute LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek bihar [maiatzak 1] Euskal Herriko kaleetan, Langileen Nazioarteko Egunean.
1886ko maiatzaren 1ean du jatorria Maiatzaren Lehenak, Chicagoko langile batzuk zortzi orduko lanaldia eskatzeko greba hasi baitzuten egun horretan. Geroztik, langileen eskubideak aldarrikatzeko eguna bihurtu da, eta urtez urte asko izan dira Euskal Herriko kaleetan zehar zabaldu diren aldarriak; aurten, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatan (LGS), pentsio propioetan eta hezkuntzako langileen lan baldintzak negoziatzean jarri dute fokua LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek.
Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak “burujabetzaren beharra” defendatu eta testuinguru orokorrari egin dio erreferentzia, “geroz eta korapilatsuagoa” dela zehaztuz: “Kapitalaren logika planeta nahiz herritarren bizitza kolokan jartzen ari da, krisi ekologikoak, militarismoak, behartutako migrazio prozesu erraldoiek, indarkeria matxistak edota prekarietatearen hedapenak adierazten dutenez”.
Testuinguru horretan “are eta garrantzitsuagoa” da Euskal Herriak ahalik eta burujabetza handiena izatea, “bizitza erdigunean jarriko duten eredu sozioekonomikoa eraikitzea”. ELAk ere antimilitarismoa aldarrikatuko duela azaldu du Ane Zelaia Batzorde Eragileko kideak: “Europar Batzordeak eta NATOk bultzatzen duten militarizazio estrategia mehatxu bat da bake, demokrazia eta eskubide sozialentzat”. Militarismoaren gorakadarekin batera eskuin muturraren hazkundea ematen ari dela nabarmendu du Zelaiak.
Hala, kalean zein instituzioetan burujabetzaren eta eraldaketaren sozialaren alde “presio egitearen beharra” nabarmendu dute LABetik, hiru lehentasun finkatuz: zerbitzu publikoak garatzea, industria politika berria abian jartzea eta herritar guztiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzea. Euskal Herrian gutxieneko soldata eta pentsio propioak ezartzea “ezinbestekoa” dela azaldu dute, “hemen bizitzeko diru-sarrera handiagoak behar direlako”. Gainera, autogobernuaren ikuspegitik ere “garrantzia handiko helburuak” direla gehitu dute: “Bertako herritarrei oinarrizko bizi baldintzak bermatzeko gai ez dena autogobernu mugatua da”.
Negoziatzeari uko.
ELAk 1.795 euroko LGSa aldarrikatzen du, “aberastasunaren banaketa justuagoa” izan dadin: “Milaka langileren soldata zenbateko horretatik urrun geratzen da, batik bat sektore feminizatu eta arrazializatuetan; hauetako asko oinarrizkoak dira, pandemia garaian agerian geratu zen legez”. Horregatik, lehentasuna lan-baldintza okerrenak dituztenen soldatak hobetzea dela finkatu dute, horretarako Confebask eta CEN patronalei gutxieneko proposamen bat eginez: hasteko 1.500 euroko LGS bat ezarriko litzateke, urtean 14 ordainsaritan. Patronalek uko egin zioten negoziazioari. Azaldu dutenez, ez dute ontzat emango patronalak gutxieneko soldata lortzeko aukerari betoa ezartzea, eta horregatik, beste sindikatu batzuekin elkarlanean, Herri Ekimen Legegilea (HEL) jarri dute martxan, Gasteizko eta Iruñako parlamentuek LGS hemen erabakitzea galdegin dezaten: “Beharrezkoa da inplikazio kolektiboa eta pertsonala HELaren aldeko sinadurak biltzerakoan; Euskal Herriko langileriarentzat lorpen handia litzateke”.
Gutxiengo soldata finkatuko lukeen lanbidearteko akordioa negoziatzeari uko egitea “onartezintzat” jo dute LABeko ordezkariek ere, eta Confebasken ezezkoaren aurrean esku hartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritza, EAJ eta PSEri, “onura ugari” jasotzen dituelako instituzio publikoengandik: “Baldintza dezatela Confebaski ematen dioten babesa; esan diezaiotela argi eta garbi, negoziazio mahaian eseri ezean, babes politiko, instituzional eta materiala kenduko diotela”. Bide horretatik, Maiatzaren Lehenean patronalari zein instituzioei “mezu argia” helaraziko diete: “Izan akordio interprofesional baten bidez, izan lege bidez, ez dugu etsiko gutxieneko soldata propio eta duina ezarri arte”.
Aldaketa, beharrezkoa.
Zerbitzu publikoak garatzeari dagokionez, berriz, LABek “hamarkadetako politika pribatizatzaileak albo batera uzteko beharra” defendatuko du, eta gogoratu dute urteak daramatzatela osasun sistemaren pribatizazioa, eskola publikoaren azpigarapena, zaintza eskubidearen urraketa eta etxebizitzaren gaineko espekulazioa salatzen: “Politika publikoen sakoneko aldaketa beharrezkoa da, herritar guztiei osasuna, hezkuntza, zaintza eta etxebizitza bermatzeko”. Euskal Herrian horretarako ahalmena dagoela zehaztu dute: “Enpresariek eta errenta altuek dagozkien zergak ordaindu behar dituzte, herri honek behar dituen zerbitzu publikoak finantzatzeko”. Industria politikan hiru irizpidetan oinarritutako trantsizioaren alde egin du LABek: planifikazioa, esku hartze publikoa eta langileen parte hartzea.
Bi sindikatuek borroka sozial eta sindikalak goraipatu dituzte. “Borroka horiek egin dute Euskal Herria hobea izatea”, aldarrikatu du ELAk. Borroka horiei esker euskal langileentzat garrantzitsuak diren gaiak agenda politikoan kokatu direla zehaztu dute, berriz, LABetik. Era berean, eztabaida horiek ezerezean geratzeko arriskua nabarmendu dute: “Pradalesek formak aldatu ditu, baina funtsean ez dugu aldaketarik ikusten. EAJ-PSEk egindako zerga erreformak elite ekonomikoaren pribilegioei eusten die eta, osasun mahaian, osasun sistemaren pribatizazioari eusteko asmoa erakusten ari da Jaurlaritza”.
Hala, aldarri guztiak kalera eramateko manifestazio propioak deitu dituzte bai LABek, bai ELAk biharko: LABekoak Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Tuteran elkartuko dira Maiatzaren Lehenean; ELAk Bilbon eta Iruñean deitu ditu manifestazioak.
Eskola publikoa, umezurtz.
“Bizitzak erdigunean jartzen dituen gizarte batetik urruntzen ari gara”, nabarmendu du STEILAS sindikatuak: “Gizarte osoaren ardura da bizitza sostengatzea eta zerbitzu publikoen bitartez bideratu behar da. Zerbitzu publikoak gutxika suntsitzen ari dira. Era berean, matxismoa eta arrazakeria gorantz doaz”.
Testuinguru horretan, Euskal Eskola Publikoa “umezurtz” utzi duen gobernuarekin negoziatzera behartuta daudela zehaztu dute, azken hilabeteetan “greba dinamika indartsua” abiaraztea lortu dutela gogoratzeagaz batera. “Hezkuntza Sailak langileen eskubideen kontrako diskurtso populista ugari hedatzen baditu ere, gizarteak argi du lan baldintzak eta hezkuntza kalitatea txanpon beraren bi alde direla”, aldarrikatu dute. Hala, langile publikoen lan baldintzek jendea eratzeko unean “erreferentzialtasuna” izan behar dutela eta egiteko “asko” dagoela zehaztu dute. Hezkuntza publikoa indartzeko bidean Maiatzaren Leheneko aldarrikapenen artean kokatu dituzte, besteak beste, behar desberdinei erantzuteko baliabideak gehitzea, enplegu publikoa mantentzea, egonkortasuna lortzea eta plantillak gazte-berritzea, “soilik Euskal Eskola Publikoaren bitartez lor daitekeen gizarte kohesioa” lortzeko helburuagaz