Abian da bederatzigarren Loratu Mutriku bono kanpaina
Atzo [eguaztena] eman zioten hasiera kanpainari eta maiatzaren 18ra arte iraungo du. Bonoak Turismo Bulegoan eskuratu daitezke.

Loratu Mutriku kanpainari hasiera eman zioten atzo [eguaztena] bederatzigarrenez. Hala, Mutrikuko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea dinamizatzea eta herrian kontsumoa sustatzea helburu duen kanpainak maiatzaren 18ra arte iraungo du. “Ekimenak inpaktu positiboa sortu nahi du, bai parte hartzen duten establezimenduetan, eta baita kontsumitzaileengan ere”.
Mutrikuko Udaletik jakinarazi dutenez, bonuak Turismo Bulegoan eskuratu ahalko dira, eta horretarako, udalerrian erroldatuta egotea “nahitaezkoa” izango da. Ordutegiari dagokienez, asteartetik ostegunera 10:00etatik 14:00etara egongo da irekita Turismo Bulegoa; ostiral eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara; eta igande eta astelehenetan itxita egongo da.
Sei urtetik gorako herritar bakoitzak, gehienez, bonu sorta bakarra eskuratu ahal izango du. “30 euroko balioa duten 1.35o bonu jarriko dira zirkulazioan, eta herritarrek bonu bakoitzeko 20 euro ordainduko dituzte. Gainerako 10 euroak udalak jarriko ditu”. Hori horrela, sorta bakoitza horrela banatuko da: 10 euroko bonu bat eta bost euroko lau bonu. Gainera, jakinarazi dutenez, bonuak kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan bakarrik erabili ahal izango dira, eta behin erosita, ezingo dira itzuli ezta diruarekin trukatu.
Bonua erosteko orduan nortasun agiria erakutsi beharko da, eta bertaratzea ezinezkoa dutenen kasuan lagun edo familiako kideren batek erosi ahalko dizkio, beti ere, nortasun agiriaren kopia bat erakutsita. Hala ere, erosketa bakoitzean gehienez bi bonu erosi ahalko dira batera. “Bonuak ordaintzeko lehentasunezko sistema banku txartela izango da, ezinezkoa den kasuetan bakarrik onartuko da esku dirua”.
Horrez gain, bonu sorta guztiak aldi berean erabili ahalko direla zehaztu dute; hala ere, erosketaren balioa bonuaren berdina edo gehiago izan beharko da. “Bonuekin ordainduta ez da itzulketarik egingo esku dirutan, ezta bonu txikiagotan ere”. Era berean, erosketaren balioa bonuaren kopurua baino handiagoa denean, falta dena diruz ordaindu beharko da.
Mutrikuko Udalak udalerriko establezimenduak eskertu nahi izan ditu, “kanpaina aurrera atera ahal izateko egiten duten esfortzuagatik”: “Izan ere, eurek ez dute etekin zuzenik ateratzen, bonotan jasotako diru kopuru guztia aurreratu egiten dute”.
Honakoak dira kanpain parte hartu duten establezimenduak: Apain estetika zentroa, Ansorregi oinetakoak, Bigara fruta eta barazkiak, Islada fisioterapia, Alazne Optika, Albaro denda, Arrizabalaga harategia, Alboka okindegi eta kafetegia, Apartak ileapaindegia, Tximak ileapaindegia, Kalbaixo Jatetxea, Alday Klinika, Olaizola arropa denda, Maneiro Lentzeria, Lasuen Elezgarai botika, Gotzon arrandegia, Iparraguirre Altzariak, Aldana, Iratxe masaje zentrua, Itxasne Frutategia, Joseba Elezgarai masaje eta osteopatia,Bare Bare Taberna, Lekube burdindegia, Ametza Taberna, Lon Apraiz botika, Maider Pinto estetika, Madariaga paperdenda, Aparra arropa denda, Dotore Ileapaindegia, Potero denda, Sabina denda,Garaia arropa denda, Leize Erretegia, Zelaieta Jatetxea eta Ziortza Ileapaindegia.