Eñaut Urreisti, tropelaren buruan
Berriki eskuratutako txapelek gizonezkoen Jai Alai ligaren buruzagitza eman die Eñaut Urreisti mutrikuarrari. Emakumezkoen sailkapenean, Arai Lejardi markina-xemeindarra bigarren postuan dago.
Zenbakiak Eñaut Urreisti aurten egiten ari den denboraldi apartaren erakusle dira. Puntista mutrikuarrak txapel bi jantzi ditu egun bitan: nagusi izan da hala Zumaia Master Seriesean, nola Donibane Lohizuneko All Starrean. Goi mailan ez ezik, oso erregular azaltzen ari da Urreisti, urrats bat aurrera eginda, seguruago eta fidagarriago. Zumaian, bere herrikide Mikel Mantzisidorrekin gailendu zen; Donibane Lohizuneko finala, ostera, lauko kiniela izan zen; estreinakoz kronometratu egin zuten final haren azken tantoa Thibault Basque bidartarrarekin kontra jokatu zuen, Johan Sorozabal miarriztarraren eta Unai Lekerika gernika-lumotarraren aurka.
Hala, Gipuzkoako eta Lapurdiko garaipen bien baturak 3.000 puntuko uzta eman dio mutrikuarri. Ordura arte Jai Alai Ligaren buruan zegoen Aritz Erkiaga ispasterrak, bere aldetik, 1.100 puntu patrikaratu ditu bi lehiaketa horietan. Hortaz, Urreistik aurrea hartu dio taulan, eta behin-behineko liderra izatera igaro da, 7.290 puntu poltsikoratuta; Erkiagak 6.970 dauzka; Basquek, 5.390; Lekerikak, 4.880; Gorka Sorozabal miarriztar gazteak, berriz, 4.870 puntu ditu.
Horrenbestez, Bilboko Deportivo pilotalekuak bihar [maiatzak 2] hartuko dituen partiduetan emozioa izango da nagusi, bertan gertatuko denak sailkapenak bistaratzen dituen inertziak konfirmatu edo eraldatu ahalko baititu, uda sasoiko txapelketen atarian. Bilboko Iron Cupean finalaurrekoetarako sailkapena egongo da jokoan: Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek Ludovic Ladutxe getariarra eta Julen Del Rio gasteiztarra izango dituzte aurrez aurre. Lehenago, baina, beste partidu estu bat aurreikusita dago: Ekaitz Mendizabal Goixerri mutrikuarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak Xabier Barandika gernika-lumotarra eta Thibault Basque izango dituzte aurkari.
Arakistainen agintea.
Gizonezkoek ez ezik, emakumezkoek ere lehia estua dute liga sailkapenean. Gaur-gaurkoz, Ihart Arakistain dago taularen gailurrean, 3.080 punturekin eta berriki Zumaian gailenduta. Sopeloztarra denboraldi bikaina egiten ari da, Zumaiako garaipenaz gain, Berriatuko Master Seriesean ere nagusi izan baitzen. Hori bai, Arai Lejardi markina-xemeindarra hurre du taulan, hain zuzen, 80 puntutara.
Apur bat urrunxeago baina aukerekin daude, jarraian, kalitate jauzi esanguratsua egin duen Frida Watkins zumaiarra, 2.920 punturekin, asteon bere herrian nagusitu ondoren; Maite Ortiz de Mendibil andetxarrak 2.560 puntu ditu, laugarren postuan kokatzeko balio dienak; Elaia Gogenola berriatuarrak arabarrak baino 40 puntu gutxiago ditu.
GIZONEZKOEN SAILKAPENA
1. Eñaut Urreisti – 7.290 puntu
2. Aritz Erkiaga – 6.970 puntu
3. Thibault Basque – 5.390 puntu
4. Unai Lekerika – 4.880 puntu
5. Gorka Sorozabal – 4.870 puntu
6. Johan Sorozabal – 4.660 puntu
7. Mikel Mantzisidor – 4.280 puntu
8. Ion Ibarluzea – 3.620 puntu
9. Ludovic Ladutxe – 3.140 puntu
10. Xabier Barandika – 2.680 puntu
EMAKUMEZKOEN SAILKAPENA
1. Ihart Arakistain – 3.080 puntu
2. Arai Lejardi – 3.000 puntu
3. Frida Watkins – 2.920 puntu
4. Maite Ortiz de Mendibil – 2.560 puntu
5. Elaia Gogenola – 2.520 puntu
6. Maia Goikoetxea – 2.320 puntu
7. Maialen Aldazabal – 2.040 puntu
8/9. Oaia Otaño -1.960 puntu
8/9. Helena Barrenetxea – 1.960 puntu
10. Erika Mugartegi – 1.720 puntu