Zientziaren Giltzak Elkarteak hamar urte bete ditu
Hamargarren urteurrenaren harira, maiatza bitarteko egitaraua antolatu du Zientziaren Giltzak Elkarteak. Gainera, ehungarren dibulgazio hitzaldia eskainiko du.
2014ko abenduaren 29an antolatu zuen Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkarteak lehenengo dibulgazio hitzaldia, Beikozini aretoan, eta ordutik, hamar urtean, hilero hitzaldiak eskaintzen jarraitu du elkarteak. Hala, aurten, hamargarren urteurrena ospatzeagaz batera, ehungarren dibulgazio hitzaldia eskainiko dute. “Urte hauetan guztietan 100 hizlari baino gehiago Ondarroara etorri dira euren ezagutza eta jakintza azaltzera 6.000 entzule baino gehiagoren aurrean”, adierazi dute elkarteko kideek.
Bi erronka esleitu zizkion elkarteak dibulgazio hitzaldiei: hizlarien erdiak, gutxienez, emakumeak izatea eta hitzaldiak euskaraz izatea: “Bata lortzeko bidean gaude, orain arteko hizlarien %45 emakumeak izan baitira eta bestea lortu dugu jada, hitzaldien %65 euskaraz izan direlako”. Beraz, hitzaldiei ezarritako erronkak mantenduz, bestelako jarduera batzuk ere antolatu dituzte; besteak beste, zientzia asteak, herriko ikastetxeetan laborategi praktikak, herriko txoko ezberdinetan erakusketak, txangoak, adineko emakumeei zuzendutako laborategi praktikak eta nazioarteko ekitaldien baitako hitzaldiak herriko hainbat tabernetan. “Beti ere, herritarrengana eta bereziki gazteengan zientziaren garrantzia ohartarazteko asmoz”.
Hala, urteurrenaren harira, maiatza eta ekainerako egitarau “borobila” antolatu dute Zientziaren Giltzak Elkartetik. Maiatzaren 5ean [astelehena] izango dute lehenengo hitzordua, Kofradia Zaharrean, 18:30ean. Bertan, Asier Hilario Orus geologoa euskal kostaldeko Flyschei buruz arituko da: “Flyscha gure lurraldean dagoen formazio geologikorik ezagunena da. Euskal kostaldearen nortasuna guztiz baldintzatzen du, baina arroka pilaketa eder bat baino askoz gehiago da”.
Hitzaldi zikloari jarraipena emanez, maiatzaren 12an [astelehena] izango da hurrengoa, Itziar Laka filologoaren eskutik. Maiatzaren 19 [astelehena], 20 [martitzena], eta 21erako [eguaztena] Zientzia pintxo ekimena antolatu du elkarteak, Ondarroa, Markina-Xemein eta Lekeition. Hiru egunetan tabernetan eskainiko dituzte hitzaldiak; maiatzaren 19an, Ondarroako Zamora tabernan; maiatzaren 20an Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean; eta maiatzaren 21ean Lekeitioko Sociedad Recreativan.
Hitzaldiez gain, tailerrak eta dokumentalak ere eskainiko dituzte. Izan ere, maiatzaren 22rako [eguena] Esperientziaren boterea. Emakumeak laborategian tailerra antolatu dute, 11:00etan, eta jakinarazi dutenez, bertan parte hartzeko izena eman beharko da Turismo Bulegoan. Maiatzaren 26an [astelehena], berriz, El secreto de la naturaleza dokumentala eta solasaldia egongo da Kofradia Zaharrean, 18:30ean. Pedro Miguel Etxenikek eta Ana Urkizak eskainiko dute solasaldia, eta Iker Badiolak arituko da aurkezle lanetan.
Ekaineko lehenengo asteetan ere ez da planik faltako Ondarroan. Alde batetik, ekainaren 2an [astelehena] bertsolaritza eta zientzia uztartuz Bertsozientzia egongo da Kofradia Zaharren, 18:30ean. Andoni Egaña eta Josune Aramendi arituko dira bertsotan, eta Miren Basaras, Josu Lopez-Gazpio eta Ainara Sangroniz zientzialariak eskainiko dute hitzaldia. Gainera, Kike Amonarrizek bideratuko du hitzordua. Beste aldetik, ekainaren 7an [zapatua] Geoparkea ezagutzera joango dira, 10:30ean. Aurretiaz eman beharko da izena Turismo Bulegoan.
EGITARAUA
Maiatzak 5, astelehena
- 18:30: Flysch, euskal kostaldeko altxor geologiko harrigarria hitzaldia, Asier Hilario Orus geologoaren eskutik. Kofradia Zaharrean. 4
Maiatzak 12, astelehena
- 18:30: Buruan daramazun ezkutuko hizkuntza hitzaldia, Itziar Laka Mugarza filologoak bideratuta. Kofradia Zaharrean.
Maiatzak 19, astelehena
- 19:00-20:00: Ondarroako Zamora tabernan Zientzia+pintxoa hitzaldiak.
Maiatzak 20, martitzena
- 19:00-20:00: Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean Zientzia+pintxoa hitzaldiak.
Maiatzak 21, eguaztena
- 19:00-20:00: Lekeitioko Sociedad Recreativan Zientzia+pintxoa hitzaldiak.
Maiatzak 22, eguena
- 18:30: Esperientziaren boterea. Emakumeak laborategian tailerra, Kofradia Zaharrean. Aurretik izena eman behar da Turismo Bulegoan.
Maiatzak 26, astelehena
- 18:30: El secreto de la naturaleza dokumentala eta solasaldia, Kofradia Zaharrean. Pedro Miguel Etxenika eta Ana Urkizaren eskutik, eta Iker Badiolak aurkeztuta.
Ekainak 2, astelehena
- 18:30: Bertsozientzia, Kofradia Zaharrean.
Ekainak 7, zapatua
- 10:30: Irteera Geoparkera. Aurretik izena eman beharko da Turismo Bulegoan.