'Itxasua eta tresnak' erakusketa zabalduko dute Eskolapean
Lekeitiok 700 urte betetzen ditu aurten, eta urte guztian zehar askotariko ekimenak antolatu dituzte, urteurren borobila merezi bezala ospatzeko. Herriko talde eta eragile askok ere haien ekarpena egin nahi izan dute ospakizunetan. Horietako bat Maria Talako eskulan taldea da. Itxasua eta tresnak izeneko erakusketa antolatu dute. Maiatzaren 6tik 11ra bitartean egongo da ikusgai, Eskolapeko aretoan.
Erakusketa “berezia” izango dela aurreratu dute. Itsasoko tresnez gain, arropak eta olio pinturak jarriko dituzte ikusgai. “Erakusketan Lekeitioko itsas ondare aberatsa eta historiaren zati bat emango da ezagutzera. Bisitariek aukera izango dute itsasoarekin lotutako artelanak ikusteko eta, hala, herriko itsas tradizioa eta kultura hobeto ezagutzeko”, adierazi dute antolatzaileek.