Zulotik plazara kamiseta laranja jantzita
Gazte Eguna ospatzen ari dira gaur [maiatzak 3] Berriatuko San Gregorio jaiei hasiera emateko. Gazte Asanbladak ofizialki antolatutako lehendabizikoa da.

Zulotik plazara. Hori zioten Berriatuko Gazte Eguneko kamisetek. Hain zuzen ere, Satorzulo Gaztetxetik gehiegi urrundu barik, baina herria hartu dute gaur gazteek. Gazte Asanbladaren lehen ekintza ofiziala da gaurkoa. Alde horretatik, egun seinalatu horietako bat zalantza barik Gazte Eguna da. Berriatukoa gaur [maiatzak 3] ari dira ospatzen San Gregorio jaiei hasiera emateko.
Hain zuzen ere, bere izenak dioen bezala Gazte Egunak gazteak elkartzeko egunak dira, jai giroan normalean. Gazteak eta ez hain gazteak, badaudelako gaztetasuna beti mantentzen dutenak ere. Zer da adina zenbaki huts bat baino? Kopuru aldetik 80 lagun inguru elkartu dira bazkaltzeko. Kolore laranjadun 125 kamiseta saldu dituzte azkenean, eta herria kolore horretaz jantzi.
Gazte Egun berezia izaten ari da aurtengoa, Gazte Asanbladaren lehendabizikoa. Ofiziala esango genuke. Satorzulo Gaztetxea duela lau urte jarri zuten martxan, baina aurten jarri dira benetan lanean. 15 lagun inguruko lan taldea sortu dute Gazte Eguna antolatzeko. Hain zuzen ere, San Gregorio jaiak ate joka daudenean jarri dira serio lanean. “Azken urteetan ere Gazte Eguna antolatu izan dugu, baina beste modu batera egiteko unea zela uste genuen. Horregatik, antolaketa lan hobe batekin hasi gara”, azaldu dute.
Gaztetxeari bakarrik ez, Berriatuko herriari beste bultzada bat eman nahi diote Gazte Asanbladatik: “Gure helburua bizitasuna ematea da, bai Satorzulori baita herriari ere. Gazteen artean batez ere bai nabaritu dugu betiko dinamiketan sartuta geundela eta horregatik hortik pixka bat aldendu nahi genuen eta herritarrei bestelako aisialdi alternatibak eskaini. Hori da gure esperantza”. Esan eta egin.
Hau da, udaletxetik normalean antolatzen diren ekimenez gain, bestelako egitarauak aurkeztu nahi dituzte. Horien antolaketan eta ospakizunetan gazteak elkartuko ziren. Dena ez delako jaia, badagoelako atzean antolaketa lana ere bai. Gazte Egunekoa, adibidez, urtarrilean hasi zituzten. Lan taldeak multzo txikiagoetan banatu zuten eta bakoitzak ardura batzuk hartu zituen. “Lehenengo kontzertuak itxi nahi izan genituen, beti delako azken batean denbora gehiago eramaten duena, deiekin eta datak eta taldeak aurkitzen”.
[IKUSI SAN GREGORIO JAIETAKO EGITARAUA]
Hori bai, Berriatuko Udalagaz uneoro harremanetan izan dira eta haien edozertarako laguntza eskertu nahi izan dute. “Karparen muntaiagaz lagundu digute baita herriko materiala erabiltzeko baimena eman, mahaiak, aulkiak eta horrelakoak, esate baterako. Azkenean ez dugu nahi Gazte Asanbladako kideentzako ekimena izatea, herriarentzako zabalik dagoelako eta denen elkarlanaren eta laguntasunaren bidez aurrera atera ahal izan dugu”.
Egitaraua dagokionez ez dagoeako berritasun handirik, azken urtekoei eutsi nahi izan diete. Bazkalosteko jolasak, karro poteoa edota kontzertuak: 22:00etan hasiko dira Obego, Iluntzean eta DJ Emabil. Noiz arte? Batek daki.




































































