Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Lekeitio tentsio handiko eremua dela baieztatu du
Lekeitioko Udalak onartu egin du baieztapena, eta Eusko Jaurlaritzagaz herria tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua hasiko dute. Bizkaiko herrien artetik Lekeitio izan da etxebizitzen salerosketa prezioan igoera handiena eduki duen herria.
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak 2023an argitaratutako txostenean ez bezala, aurtengo txostenean Lekeitio tentsio handiko eremua dela ondorioztatu dute. Atzo [maiatzak 5] argitaratu zuten 2022tik 2024rako datuen azterketari buruzko txostena, eta hiru irizpide kontuan hartuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrien artetik zeintzuk izendatu daitezkeen tentsio handiko eremu azaldu zuten. Lea-Artibai eta Mutrikutik Lekeitiok soilik bete ditu beharrezko irizpideak.
2023an argitaratutako txostenean Etxebizitzaren Euskal Behatokiak bi irizpide eduki zituen kontuan: familia errentaren %30 baino gehiago etxebizitza gastuetara bideratuta egotea eta azterketa egin den bost urteetan etxebizitza alokairuaren prezioaren hazkundea gutxienez ehuneko hiru puntu handiagoa izatea dagokion KPIaren hazkunde metatua baino. Aurtengo azterketa egiteko, ostera, hirugarren irizpide bat gehitu dute: azterketa egin den bost urteetan etxebizitzen salerosketa prezioaren gorakada ehuneko hiru puntu handiagoa izatea KPIaren hazkunde metatua baino.
Gutxienez hiru irizpideetako bat bete behar da tentsio handiko eremu izendatzeko, eta Lekeitiok ez 2023an eta ezta aurten ere, ez ditu lehen bi irizpideak bete. Aurten gehitu duten hirugarren irizpidea, aldiz, bete egin du: etxebizitzen salerosketa prezioa %32,5 hazi da Lekeition, eta tensio handiko eremu izendatzeko gutxienez %22,4 hazkundea egon beharko litzateke. Era berean, Bizkaiko herrien artetik Lekeitio da etxebizitzen salerosketa prezioan igoera handiena eduki duen herria. Alokairuen prezioaren hazkundeari dagokionez, tentsio handiko eremu izendatzeko gutxienez %19,6ko hazkundea izan beharko luke, eta Lekeitiok %19,1eko hazkundea izan du. Azkenik, familia errentaren %25,1 bideratzen da bataz beste Lekeition etxebizitza gastuetara.
Herri bakoitzeko udalen esku dago izendapena onartzea, eta Lekeitioko Udalaren kasuan, onartzea erabaki dutela azaldu dute. Halaber, hurrengo pausua Eusko Jaurlaritzagaz Lekeitio tentsio handiko eremu izendatzea izango da: “Behatokiko baieztapena eskuan dugula eta tentsio handiko eremu izateko baldintzak betetzen ditugula onartuta, Eusko Jaurlaritzarein hasiko dugu prozesua. Lekeition etxebizitza egoera ikusita, behar-beharrezkoa dugu eskura izatea dagoen araudi guztia, herritarrei etxebizitza eskuratzea errazteko eta bizimodu duin bat eduki ahal izatea bermatzeko. Beraz, argi eta garbi, gure hurrengo pausua Eusko Jaurlaritzan izendapena eskatzea da”.
Behin tentsio handiko eremu izendatuta, udalak hainbat eskumen jasoko lituzke. Adierazi dutenez, aldaketa horrek ez du herriko etxebizitza egoera konponduko, baina aurrerapausu bat da: “Etxebizitza egoera erregulatzeko etorri ahal diren aukera guztiak ontzat hartzen ditugu, eta albiste onak dira guretzako. Hau pausu txiki bat da, baina jarraituko dugu lanean Lekeition duintasunez bizi ahal izateko gure esku dagoena egiten”.
14 udalerri gehiago. Lekeitioko baieztapenagaz batera, beste hamalau udalerri sartu dituzte zerrendan: Derio, Gorliz, Elorrio, Ermua, Sopela, Bergara, Legazpi, Deba, Oiartzun, Getaria, Oñati, Hondarribia eta Orio. Ildo beretik, zerrendaren arabera Bizkaian Bermeo partzialki tentsionatua izatetik, osorik tentsionatua izatera igaroko da, eta Gipuzkoan, otera, Zarautz izango da osorik tentsionatua izatera pasako dena. Era berean, 11 udalerri zerrendatik atera dira, besteak beste, Gernika-Lumo.