'Euskara eta kulturartekotasuna' formakuntza egongo da Andraetxean
Eguenean [maiatzak 8] 18:00etan izango da formakuntza.
Lekeitioko Andaetxeak Uemagaz bat egin, eta Euskara eta kulturartekotasuna formakuntza antolatu dute eguenerako [maiatzak 8]; 18:00etan ipini dute hitzordua, Andraetxean bertan.
Andratxeko kideek jakitera eman dutenez, helburua euskal hiztunak ez direnen parte hartzea sustatu eta bermatzea da: “Urtebete inguru da herrian Uemaren eta udalaren eskutik dinamika bat hasi zutela herriko elkarte desberdinetan formakuntza hau ematen. Formakuntzaren bitartez landuko duguna izango da zelan bermatu eta sustatu eskal hiztunak ez direnen parte hartzea euskaraz diren espazio horietan”. Izan ere, nabarmendu dute argi dutela euskaraz bizi nahi dutela, eta horretarako beharrezko pausuak emango dituztela: “Andraexeak euskara dauka helburu; ez du ulertzen borroka feminista eta Lekeitio euskararik barik. Euskararen aldeko apustua egiten dugu, baina, aldi berean, herrian badaude emakumeak euskal hiztunak ez direnak, eta horiek ere Andraetxearen parte dira”.
Hala, Uemak bere lan ildoak aurkezteaz gain, euskararen eta kulturartekotasunaren inguruan ariko dira formakuntzaren lehenengo zatian. Bigarrenean, ostera, erreminta praktikoak azalduko dizkiete: “Helburua da erraztea dakienak euskaraz egin ahal izatea, eta euskaraz ez dakienak erremintak edukitzea ulertu eta parte hartu ahal izateko”. Era berean, formakuntzaren ostean Andraetxearen funtzionamenduaren inguruko erabakiak hartuko dituzte, helburuok bermatzeko asmoz.