Evaristo Txurrukaren ibilbidea izango dute hizketagai Mutrikun
Hitzaldia maiatzaren 8an [eguena] izango da, 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean.
Evaristo Txurruka Brunet ingeniariari buruzko hitzaldia egongo da etzi [maiatzak 8] Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean, 19:00etan. Iñaki Uriarte arkitektoaren eta Joaquin Carcamo aparejadorean eskutik Txurrukaren ibilbide profesional entzuteko aukera egongo da. Hitzaldia gaztelaniaz izango dela jakinarazi dute Mutrikuko Udaletik, eta herritarrei bertaratzeko deia egin die, “interesgarria izango delako”.
Uriarte eta Carcamo Euskal Ondare Industrialaren Elkarteko kide dira. Lehenengoak, ondare arkitektonikoari buruzko ikerketak gauzatu ditu; bereziki, Bilboko Portuko eta itsasadarraren inguruan. Bigarrena, Euskal Ondare Industrialaren Elkarteko sortzaileetako bat da, 1990etik 1996ra bitartean lehendakari izandakoa. Gaur egun, elkarteko batzordekidea da. Hala, bien artean Evaristo Txurruka Brunet ingeniariaren ibilbidea osatuko dute; besteak beste, Bilboko edota Mutrikuko portuetan fokua jarrita.
Mutrikuko Udaletik jakinarazi dutenez, “zeharka” egin zuten topo Uriarte eta Carcamorekin: “Guggenheim museoari buruz egindako hausnarketen harira hitzaldi desberdinak eskaintzen ditu Uriartek, eta gai horren kontura jarri ginen harremanetan berarekin. Evaristo Txurruka Mutrikuko pertsonaia historiko esanguratsua izanda, berari buruzko hitzaldia emateko proposamena luzatu ziguten, interes handia baitzeukaten ingeniariarekiko. Hala, modu horretan antolatu genuen etzi Zabiel Kultur Etxean egongo den hitzordua”.
Nahiz eta Oltzan [Nafarroa] jaio, umetan Mutrikura joan zen bizitzera Txurrukaren familia. 1852an Bergarako seminarioan ikasketak egin ondoren, Madrilen ingeniaritza ikasketak gauzatu zituen. Beranduago, Murtzian praktikak egin, eta bertan, Plosko eta Pormango itsasargien proiektuak eraman zituen aurrera. Euskal Herrian ere, zenbait proiektu gauzatu zituen; besteak beste, Gernika-Lumoko itsasadarraren kanalizazioa eta Bilboko eta Mutrikuko portuen proiektuak.
1877an Bilboko Itsasadarraren bideratze lanen zuzendari izendatu zuten. Izan ere, itsasadarraren bokalea leku “arriskutsuan” zegoela ikusirik, Burdinazko moilaren proiektuaren ondorioz konpondu zituen, eta hemeretzigarren mendearen amaieran, Bilboko portuaren lehen zabalkunde proiektua eraman zuen aurrera. Hala, egindako lanaren ondorioz, zenbait sari jaso zituen Txurrukak; besteak beste, Karlos hirugarrenaren gurutzea, Isabel Katokikoaren gurutzea, eta Mutrikuko konde izendatzen zuen titulua.