Martxan da Karmen jaietako kartel lehiaketa
Lanak ekainaren 4ra arte aurkeztu ahalko dira. 16 urtetik gorakoek 500 euroko saria eskuratu ahalko dute, eta 16 urtetik beherakoek, 150 eurokoa.
Bi hilabete eta egun batzuk baino ez dira falta aurtengo Karmen jaietarako, eta prestaketa lanekin hasi dira jada herritarrak. Markina-Xemeingo Udala ere horretan dabil, eta urtero bezala, aurtengoan ere kartel lehiaketa ipini dute martxan. Iazko antzera, 16 urtetik gorakoek 500 euroko saria eskuratu ahal izango dute, eta 16 urtetik beherakoek 150 eurokoa.
Lanak, gehienez ere, ekainaren 4ko 14:30erako aurkeztu beharko dira. Horretarako, bi bide zabaldu dituzte. Alde batetik, herriko udaletxean aurkeztu ahalko dira lanak; goizez eta astelehenetik barikura Berton bulegoan (08:15etik 14:·0era) eta arratsaldez nahiz asteburuetan udaltzaingoaren bulegoan. Bestalde, Uhagon kulturguneko bulegoan ere aurkeztu ahalko dira lanak, astelehenetik barikura 08:00etatik 14:00etara, eta martitzen eta eguaztenetan 15:00etatik 19:00etara ere bai.
Hala, lanak taldeka nahiz bakarka aurkezteko aukera egogo da, baina egile bakoitzak lan bakar bat aurkeztu ahalko du. Era berean, lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira. Urtero bezala, aurtengoan ere baldintza bakarra jarri dute: “KARMEN JAIAK 2025 MARKINA-XEMEIN, uztailaren 11tik 16ra” testua kartelean agertzea.
Teknika librea erabili ahalko da, eta titulu edo goitizen batekin aurkeztu beharko dira lanak. Aurten bereziki azpimarratu dute lanak sortzeko ezingo dela adimen artifiziala erabili. Antolatzaileek zehaztu dutenez, iazko sarituek ezingo dute parte hartu, eta lanak ezingo dira inteligentzia artifizialarekin egin. A3ko neurrian eta diseinu bertikalagaz, bi formatutan aurkeztu ahal izango dira lanak: paperean edo formatu digitalean.
Lana formatu fisikoan aurkeztu nahi dutenek egilearen izenik gabe aurkeztu beharko dute, kartelaren atzean goitizen bat jarriz. Kartelarekin batera gutun azal bat aurkeztu beharko da: kanpoaldean “Karmen Jaiak 2025 kartel lehiaketa” eta goitizena agertu beharko dira, eta barruan, berriz, egilearen izen abizenak, adina, helbidea eta telefonoa.
Lana euskarri digitalean aurkezteko, berriz, USB memoria batean aurkeztu beharko da, artxiboaren izenburutzat goitizena jarriz. Pendrivea gutun azal handi baten barruan sartu beharko da, kanpoaldean “Karmen Jaiak 2025 kartel lehiaketa” jarriz. Horrekin batera, beste gutun azal txiki bat sartu beharko da, egilearen datuekin. Informazio gehiago eta oinarri guztiak udalaren web orrian jarri dituzte eskuragarri.