Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemeingo Udalek hitzarmena sinatu dute
Hiru herriren bateko kiroldegia erabilgarri ez dagoenean eskualdeko beste herrietakoak erabiltzeko hitzarmena sinatu dute Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemeingo Udalek.

Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemeingo Udalek herritarrek eskualdeko beste kiroldegiak erabili ahal izateko hitzarmena sinatu dute; beti ere, norbere herriko kiroldegia erabilgarri ez badago. Zaldupe, Santi Brouard eta Atxondo kiroldegietako zuzendaritzetatik adierazi dutenez, hitzarmenaren helburua Lekeitio, Markina-Xemein edota Ondarroako kiroldegia erabilgarri ez dagoenean matxura, mantenu lanak, obrak, jai egunak edo alderdi guztiek ontzat jotzen duten bestelako beharrengatik, kiroldegi horretako bazkideek beste bi udaletako kiroldegiak erabiltzeko baldintzak zehaztea da. Hala, sinatu berri duten akordioaren barruan erabili ahalko diren kiroldegietako espazioak igerilekua eta muskulazio gela direla jakinarazi dute.
Irina Alkorta Bedialauneta Ondarroako jarduneko alkateak, Ander Aldazabal Etxebarria Lekeitioko alkateak eta Iratxe Lasa Arana Markina-Xemeingo alkateak sinatu dute hitzarmena, eta bertan egon ziren hiru herrietako kirol zinegotziak ere: Ibon Bergara Etxearte, Izaskun Robles Arrasate eta Mikel Urkia Zuloaga.
Hitzarmena urterokoa izango dela azpimarratu dute, eta inork kontrakorik esan ezean, lau urtetik behin berrituko dela. Horrez gain, Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo kirol zinegotziek eta kirol teknikariek osatutako batzordea ere sortu da, eta gutxienez urtean behin elkartuko direla jakinarazi dute, “jarraipena egiteko”.
Gainerako herriren bateko kiroldegia erabiltzeko orduan, beste udaletako informazioa jasoko du kiroldegi bakoitzeko harrerako langileak, “gerora bazkideen kontrola eta udalen arteko erabileraren balorazioa egin ahal izateko”: “Informazio horretan, intzidentziaren arrazoia, erabilitako instalakuntza, gertakizunaren eguna, bazkidearen jatorrizko udalerria eta honen datuak zehaztuko dira”.