Abian da Mutrikuko Malen jaietako kartel lehiaketa
Lanak aurkezteko azkenengo eguna ekainaren 2a [astelehena] izango da. 400 euroko sari bakarra eskuratuko du irabazleak.
Uztailaren 21etik 25era ospatuko diren Mutrikuko Malen jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketa martxan jarri du Mutrikuko Udalak, eta jakinarazi duenez, lanak aurkezteko azkenengo eguna ekainaren 2a [astelehena] izango da. Hala, Mutrikuko udaletxeko harreran aurkeztu beharko dira, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.
Parte hartze irizpideei dagokienez, 16 urtetik gorako edonork parte hartu dezake, banaka edo taldeka, baina egile bakoitzaren lan bakarra onartuko da. Era berean, Mutrikuko herriarekin eta Malen jaiekin zerikusia izan beharko dute lanek, eta beste herriren batean saritutakoa bada, ez da onartuko. Horrez gain, originalak izan beharko dira.
Teknika eta koloreak libreak izango direla adierazi dute, baina tamaina DIN A3koa izateaz gain, euskarri zurrunean finkatuta aurkeztu beharko da. Hala ere, lanaren euskarri informatikoa ere aurkeztu egin beharko da, A3 neurrian, JPEG formatuan, eta gutxienezko 300ppp-tako kalitatean.
Egilearen sinadurarik gabe aurkeztu beharko dira kartelak; hortaz, gutun azal itxi batean egilearen datuak sartuko ditu parte hartzaileak: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa. Gutun azalari eta lanari zenbaki bat jarriko zaio jasotzen den momentuan. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, ez dira onartuko lema eta ikur politikoak, mezu homofoboak edota sexistak dituzte lanik, ezta ere, adimen artifizialarekin sortutakorik. Gainera, beharrezkoa izango da honako testua kartelean agertzea: “Mutriku. Malen jaiak 2025, uztailaren 21etik 25era”.
Mutrikuko Udaleko Kultura batzordeak aukeratuko du epaimahaia, eta hartutako erabakiak aldaezinak izango direla zehaztu dute antolatzaileek. “Epaimahaiak hiru lan aukeratuko ditu puntuazio bidez. Puntuazio altuena lortzen duen lana izango da irabazlea, 400 euroko sari bakarra egongo baita”. Aukeratutako lana oinarriak ez betetzeagatik baztertua izango balitz, bigarren puntuazio altuena duenak irabaziko luke, eta bigarrenak ere oinarriak bete ezean, hirugarrena izango litzateke irabazlea. Hala ere, aukeratutako hiru lanek ez badute oinarriak betetzen, ez da saririk egongo. “Saritutako lanak aurretik egindako beste lanen baten antzekotasun handiak baditu, lanaren autoreari ez zaio inongo konpentsazio ekonomikorik emango”.