Domekan hasiko dute denboraldia Mutriku Sokatira taldeko gizonek
Berriatuan hasiko dute denboraldia, domekan [maiatzak 11], 11:30ean. "Gogoz eta ilusioz" daude denboraldia hasteko. Emakumeek ekainaren 14an hasiko dute denboraldia.
Egin beharreko entrenamenduak eginda, prest daude Mutriku Sokatira taldeko gizonak aurtengo denboraldia hasteko. Bertatik bertara dute gainera lehenengo hitzordua, izan ere, domekan [maiatzak 11] Berriatuan jokatuko dute lehenengo jardunaldia.
680 kg-ko mailan, gizonezkoek emango diete hasiera denboraldiari. 11:30ean Berriatuko pilotaleku atzeko belardian lehiatuko dute Gaztedi A eta B taldeek, Goiherrik, Goiherri Akelarrek eta Mutrikuk. Azken horiek iazko talde antzeko mantendu duten arren, badaude aldaketak: “Taldea antzekoa da, berri batzuk sartu dira, esaterako, bi mutrikuar. Badaude beste batzuk iaz hasi zirenak ere. Baina, horren kontrara, beste batzuk lesionatuta eta gaixorik dabiltza, eta beraz, taldea justu samar daukagu”.
Taldea osatzea ez dela horren erraza aitortu dute Mutrikukoek, baina “pozik eta ilusioz” daude denborialdia hasteko: “Guztira bost taldek emango diogu hasiera denboraldiai. Gu talde murritza gara, eta beti ibiltzen gara justu samar, baina pozik eta ilusioz gaude hasteko. Ilusioa daukagu urte berria hasteko”. Entrenatzen aspaldi hasiak dira mutilak, eta jada lanaren zati bat eginda dutela azaldu dute. Neskak, ostera, denboraldia beranduago hasten dutenez, entrenamenduetan buru-belarri ari dira lanean: “Talde moduan neskak ere oso ondo ari dira entrenatzen. Fisikoa, soka… dena landu behar da denboraldia hasi aurretik. Guk, ustez, lanak eginda ditugu, eta neskak orain ari dira horretan”.
Aitortu dute “urteroko zalantza” dela eurentzat ea aurkarien mailara gaindituko ote duten: “Ditugun aurkariak munduko onenetakoak dira, eta gaitza da jakitea zehatz mehatz gure maila non dagoen. Ondo egongo litzateke horri aurre egitea, edo behintzat, B taldeak parekatzen saiatzea. Iaz zilarrezko eta brontzezko medailen artean ibili ginen, eta aurtengo denboraldia brontzea irabazita hasteak esan nahiko luke ondo hasi dugula denboraldia”. Izan ere, brontzea eskuratuz gero A taldeen atzetik Mutriku geratu dela esan nahiko luke: “Iaz brontzea egitera heldu ginen, eta horrek esan nahi du bakarrik A taldeek amaitu dutela gure aurretik. Aurten ikusiko dugu ea zer egiten dugun, norbere burua bai ikusten dugu zelan dagoena, baina besteena ikusi behar izaten da hemen”.
Hurrengoak. Datorren asteko zapatuan [maiatzak 17] egingo dute 680 kg-ko mailako bigarren eta azken jardunaldia, Deban. Horren ostean, 640 kg-ko mailan hasiko dira lehiatzen; lehenengo jardunaldia Ondarroan izango da, maiatzaren 24an. Beste hainbat jardunaldi tarteko, emakumezkoek ekainaren 14an hasiko dute jardunaldian, 540 kg-ko mailan lehiatuz, San Antonion; bigarren jardunaldia, ostera, Mutrikun izango da, ekainaren 28an. Gizon eta emakumeek indarrak batu, eta lehiaketa mistoa ere egingo dute, uztailaren 25ean; oraindi zehazteke dago non izango den.
Uztailera bitarte ariko dira pisu desberdinetako mailetan lehiatzen, eta abuztuko geldialdiaren ostean, Europako Txapelketara begira ipiniko dira; emaitzen arabera, Inglaterran egingo den lehiaketara joateko aukera edukiko du Mutriku Sokatira taldeak.