Txartel zaharra eduki ezean udaletxeko sarreran eskuratu daitezke poltsak goizetan, eta udaltzaingoan arratsaldetan.
Apirilaren bukaeran Debabarreneko Mankomunitateak edukiontzi marroietan irekitze elektronikoaren sistema ezarri zuen. Hala, aurrerantzean mutrikuarrek txartel elektronikoa edota telefono mugikorreko IREKI aplikazioa erabili beharko zuten edukiontzi marroia zabaltzeko. Beraz, organikoaren edukiontziak irekitzeko txartel zaharrak baliogabetuko zirela adierazi zuten, eta herritarrek txartel berria eskuratzeko bi modu plazaratu zituzten: Etxean jasota edo herriko puntu zehatzetan eskuratuta. Baina azken egunotan Debabarrenako Mankomunitatetik jakinarazi dutenez, “arazo ezberdinak direla eta”, edukiontzi organikorako poltsak ezin dira txartel berriarekin atera, eta ondorioz, abisua eman arte, txartel zaharrarekin atera beharko dira.
Hala, txartel zaharra ez daukan herritarrak Mutrikuko udaletxeko sarreran eskuratu ditzake edukiontzi organikorako poltsak goizetan, eta arratsaldetan, berriz, udaltzaingoan izango ditu eskuragarri. Horrez gain, txartel berria eskuratzeko eskaera egin beharko da udaletxeko sarreran edo Debabarrenako Mankomunitatean. Modu horretan, gogorarazi dute, mugikorretik birziklatu ahal izateko IREKI aplikazioa martxan dagoela: “Txartela erabili nahi ez duenak mugikorreko aplikazioarekin ireki beharko du edukiontzia, Ireki aplikazioaren bidez QR kodea eskaneatuta”.