Norbere buruko hizkuntzaren sorrera, garapena eta antolaketa izango dute hizketagai Zientziaren Giltzaken hitzaldian
Itziar Laka Mugarza filologoak gidatuko du maiatzaren 12ko [astelehena] hitzaldia. Ondarroako Kofradia Zaharrean izango da, 18:30ean.
Bakoitzaren buruko hizkuntza nola sortu, garatu eta antolatzen den azalduko du Itziar Laka Mugarza filologoak maiatzaren 12an [astelehena], 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean egongo den hitzaldian. Lakak hizkuntzari buruzko zenbait iritzi “deuseztatuko” ditu hitzaldian: “Hizkuntza ez da gugandik kanpo existitzen, gure espeziaren funtsezko ezaugarria da, gure gorputzak hizkuntzarako diseinatuta daude”. Ama hizkuntza adibide gisa hartuz, pertsona elebidunek ondoren ikasten dituzten hizkuntzak, “lehenengoaren arabera” antolatzen dituztela dio: “Ama hizkuntza jaio aurretik garatzen da gure buruetan, lehen uste zena baino askoz lehenago, jaio orduko badakizkigu amaren hizkuntzaren ezaugarri nagusi batzuk”.
Hala, giza hizkuntza guztiek “egitura nagusi bat” partekatzen duten arren, gramatika ezberdinak izateak buruan prozesatzeko orduan eragina duela dio filologoak: “Ez da berdina euskara edo gaztelania prozesatzea burmuinean”. Ildo horretatik, elebitasunean ere jarriko du fokua, eta honen onurak azpimarratuko ditu: “Elebidunok geure buruetan hizkuntza ezberdin bi kudeatzeko egin behar ditugun adaptazioek onura kognitiboak dakartzala ikusiko dugu, batik bat zahartzaroan antzeman daitezkeenak”.
Itziar Laka Mugarza EHUko katedraduna da Hizkuntzalaritza eta Euskal ikasketak sailean, eta Gogo Elebiduna ikerketa taldearen zuzendaria ere bada. Massachusetts Institute of Technologyn doktorea da, eta 1990etik 1995era bitartean, New Yorkeko University of Rochesteren irakasle lanetan ibili zen. Horrez gain, Rio de Janeiro, Napoles, Utrecht eta Vienako unibertsitateetan ere irakasle gonbidatu gisa artidu da, eta ikertzaile gonbidatua izan da, besteak beste, Netherland Institute for Advanced Study in Humanities (NIAS), eta Instituto Universitario Ortega y Gasseten.
Hizkuntzalari teorikoa eta psiko-neurolinguistikako metodo esperimentalak uztartzen ditu Lakaren A Brief Grammar of Euskara, the Basque Language (1996) ikerketak, “hizkuntzaren irudikapen eta prozesamendu neurala argitzeko, batik bat euskara, sintaxia eta elebitasunaren inguruan”.