Ondarru Lagunkoiako kideek bigarren bilera egin dute ikasle eta udal ordezkariekin
Kofradia Zaharrean batu ziren atzo [maiatzak 6] Ondarru Lagunkoiako kideak, Zaldupe Eskolako eta Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasleak eta udaleko ordezkariak.

Bigarren bilera egin zuten atzo [maiatzak 6] Ondarru Lagunkoiako kideek, Zaldupe Eskolako eta Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasleekin eta udal ordezkariekin. Bertan, martxoaren 20an hasi zuten lanketari jarraipena eman zioten; belaunaldien artean dauden kezka, hausnarketa eta proposamenak partekatuz.
Hala, aurreko bileran aipatutako mugikortasunari buruzko lanketan aurrera emandako urratsak mahaigaineratu zituzten; zehazki, patinete eta bizikletak espaloi gainetik ibiltzeak dakartzan ondorioak aztertu, eta segurtasuna bermatzeko plana egin zuten. Hori horrela, herriko gune arriskutsuak identifikatu zituzten, eta gune horietan jartzeko kartelak egingo dituzte, ondoren, denek batera identifikatutako guneetan jartzeko. Horretarako, maiatzaren 27an [martitzena] elkartuko dira guztiak, 10:00etan, Kofradia Zaharrean.