Padel Saturraran Kirol Elkartea, Espainiako Txapelketara
Ligaz igotzea lortu dute eskualdeko eta inguruetako padel jokalariek, eta aldi berean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako txapeldun izatea lortu dute. Hori horrela, Valentzian Espainiako Txapelketa jokatuko dute ekainaren 7an eta 8an.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Series Nacionales txapelketako finala jokatuta, Padel Saturraran Kirol Elkarteak izen bereko Espainiako Txapelketarako sailkatzea lortu du. Duela bi urte inguru sortu zuten taldea, eta entrenamendu eta partida askoren ostean, helburua lortuta amaituko dute aurtengo denboraldia. Hala, Espainiako Txapelketa jokatuko dute eskualdeko padel jokalariek, ekainaren 7an eta 8an, Valentzian.
Valentziako txapelketara sailkatu aurretik hainbat partida jokatutakoak dira Padel Saturraran taldekoak. 500 mailako bigarren mailan hasi zuten denboraldia, eta ligako partida ugari irabazita, lehenengo mailara igotzea lortu zuten eskualdeko padel jokalariek. Hori gutxi ez, eta egindako lan guztiak bere fruituak eman ditu: aurtengo irabazleak izan direnez, datorren denboraldian 1000 mailan jokatuko dute, goren-goreneko mailan.
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko txapeldun izateko bidean, finala Iurretako Padelko taldearen kontra jokatzekoak ziren. Halabaina, aurkariak ez ziren partidara agertu, eta hori horrela, irabazle izendatu ziren zuzenean. Valentziara joateko txartela lortuta, pozik agertu dira Padel Saturraran taldekoak: “Lortutakoarekin oso pozik gaude. Alde batetik, Valentziara joateko sailkatu gara, eta bestetik, maila igoera lortu dugu. Gure asmoa Valentziako partidekin eta esperientziarekin gozatzea da, irabazi edo galdu, ez zaigu horrenbeste axola; hara joatea da guretzat saria”.
Taldeko kideek onartu dutenez, hasieratik izan da euren helburua Valentziako txapelketarako sailkatzea: “Urte hasieran hemen inguruko jokalarien aukeraketa txiki bat egin genuen eta Ondarroa, Mutriku, Lekeitio, Deba, Mendaro, Elgoibar, Azpeitia… inguruko jendea batu genuen. Talde ona ikusten genuen, eta azkenean lortu egin dugu sailkatzea; gure helburua hasieratik izan da Valentziarako sailkatzea”. Helburua lortuta, beraz, gozatzea baino ez zaie geratzen: “Gogoz joango gara Valentziara, eta ahal den ondoen jokatu nahi dugu, partidetaz gozatzeagaz batera”.