Udabarria Bertsotan, loratzear
Munitibarrek hartuko du eguenean [maiatzak 8] Udabarria Bertsotan zikloaren lehen txandari dagozkion bi saioetako bat, 18:30ean.
Udabarria aspaldi ernaldu zen arren, Udabarria Bertsotan bertso zikloa hasteko zorian dago. Bihar [maiatzak 8] ipiniko dute abian Bizkaiko hainbat udalerritan lehiatuko duten eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea izango den lehiaketa, eta lehendabiziko bi geltokietako bat Munitibarkoa izango da. 18:30ean hasita, Auditorioa bertsolaritzaren aterpe bihurtuko da.
48 lagunek parte hartuko dute lehia osatuko duten zortzi kanporaketetan; maiatzeko eguen bakoitzean bi saio eginda lehiatuko dute Udabarria Bertsotan, hau da, jardunaldi bakoitzeko, udalerri bitan egingo dituzte saioak. Munitibarren A multzoari dagokion bertso saioa lehiatuko baldin badute, B multzokoa Bakioko Txakolinguneak hartuko du, egun eta ordu berberean.
Goi mailako parte hartzea ariko da zein baino zein gehiago Auditorioko oholtzan. Sei parte hartzaile ibiliko dira bertsotan: Asier Galarza Garai muxikarra, Beñat Bilbao Landa gernika-lumotarra, Ander Elorriaga Aresti durangarra, Illart Gumuzio Larrazabal igorreztarra, June Diaz Franco algortarra eta Maite Sarasola Isazelaia deustuarra. Leire Garatxena Larrabe ajangiztarrak emango dizkie gaiak. Epaimahaia, bestalde, Ander Txakartegi Basterretxea berriatuarrak, Mirari Azula Aurrekoetxea lekeitiarrak eta Miriam Juaristi Urizar zaldibartarrak osatuko dute.
Bakioko saioari dagokionez, ondorengo bertsolariak taularatuko dira: Alexander Idoeta Anakabe ondarrutarra, Julen Ibarguengoitia Ordorika gernika-lumotarra, Jone Larrinaga Dañobeitia mungiarra, Asier Alcedo Cano portugaletetarra, Ion Barrocal Besga bilbotarra eta Imanol Uria Albizuri algortarra. Jon Amezaga Fernandez algortarra ariko da gai emaile; epaile lanetan, berriz, Garazi Mendoza Agirre mungiarra, Leire Etxebarria Gaztelu larrabetzuarra eta Marta Ortiz Mateo arabarra.
Sarrerak.
Hala Munitibarko, nola Bakioko nahiz gainontzeko bertso saioetarako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke aurretiaz; era berean, kanporaketaren egunean bertan eskuratzeko aukera ere egongo dela aurreratu dute, aretoaren lehiatilan. Hurrengo saio biak Balmasedan eta Orozkon lehiatuko dituzte, hurrenez hurren, Areto Nagusian eta Donibane Aretoan. Halaber, Gautegiz Arteagak ere kanporaketa bat hartuko du; hilaren 29an izango da, Udal Aretoan. Gainontzeko hitzorduak honakoak izango dira: Basauri eta Ermua, maiatzaren 22an, eta Plentzia, 29an.