Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko jardunaldi bereziak egingo dituzte
Bizkaiko Foru Aldundiak Museoen Nazioarteko Egunagaz bat eginez, maiatzaren 18rako ekimenak antolatu ditu hala Bilbon, nola museoetan. Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoak 'Itsu Koplak' ikuskizuna hartuko du, besteak beste.

Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Aurten, beste behin, Bizkaia Museoz Museo, aukeratzeko beste lelopean bat egin du Bizkaiko Foru Aldundiak, museo-eskaintza “aberatsa eta askotarikoa” herritarrei hurbiltzeko asmoz. Hala, lurraldeko museoen ordezkaritzagaz batera, hamaika ekimen aurkeztu dituzte. Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren helburua, urtero lez, “museoak kultura-trukerako eta kulturak aberasteko bitarteko garrantzitsuak direla kontzientziatzea” dela azpimarratu dute.
“Museoen Nazioarteko Egun hau ez da soilik kulturaren ospakizun bat. Kulturgune horreek, museoek, gure gizartean betetzen daben funtsezko zereginaren hausnarketa eta aintzatespena sustatzen dauan eguna da, hain zuzen be. Gure historiaren, kulturaren eta nortasunaren zantzuak dira”, gaineratu du Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak. Horregatik, Foru Erakundeak Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko helburuz, datorren domekan (maiatzak 18) Abandoibarran ekimena antolatu du, bertaratutakoentzat ikusentzuneko pieza batez gozatzeko aukera eskainiz.
Azaldu dute, bertan, Bizkaiko 45 museotan barrena ibilbidea egin ahal izango dela, “museoen aniztasuna eta aberastasuna ezagutzeko aukera emanez”. Egun eta gune horretan, txikienentzako tokia ere izango da. Izan ere, 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako taulerren gune bat jarriko dutela jakinarazi du foru aldundiak, horrela, haurrek ere museoekin lotutako sorkuntza eta hezkuntza-jardueretan parte hartzeko.
Bilboko ekimenaz gain, Bizkaiko museoek ere jarduera bereziekin eta doako sarrerekin ospatuko dute maiatzaren 18a. Halaber, “askotariko kultur programazioa” prestatu dute, batik bat, ate irekiak, bisita gidatuak, kontzertuak edota tailerrak nagusi izanik. Lea-Artibaik ere izango du pisua egun horretan. Alegia, Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoak Itsu Koplak ikuskizuna hartuko du. Josune Aramendi bertsolariak eta Unai Iturriaga bertsolariak Ziortza-Bolibarren argazki sorta batean inspiratutako bat-bateko istorio bati forma emango diote, esan dutenez. Proposamenak ikusizko sormena eta ahozkotasun tradizionala uztartuko ditu.