Elkarlana oinarri, herri lagunkoia helburu
2019an sortu zen Ondarru Lagunkoia taldea eta, ordutik, herriko nagusien beharrak erdigunean jarrita, ekintza zein proiektu ezberdinak eraman dituzte aurrera. Gaur egun, beste proiektu batzuen artean, udalerriko ikastetxeekin elkarlanean, Ondarroa herri «lagunkoiagoa eta irisgarriagoa» izateko bidea egiten dabiltza bertako partaideak.

Bizitzako esparru guztietan beharrezkoa izan ohi da komunitatea. Hala ere, komunitatea sortu edo eratzeko ezinbesteko elementua elkarlana dela diote, batak besteari emanez eta batak bestearengandik jasoz, apurka-apurka eratzen doan komunitatea osatuz. Horretan dabiltza duela sei urtetatik Ondarru Lagunkoia taldeko kideak, herritar nagusien beharrak entzunez eta belaunaldi gazteagoei helarazten; finean, herria herritarrekin eta herritarrentzat sortzen.
2019an sortu zen herritar nagusiak protagonista zituen Ondarru Lagunkoia taldea, Ondarroa herri lagunkoiagoa eta irisgarriagoa izateko helburuagaz. Sorreran kide gehiago baziren ere, gaur-gaurkoz, herritar talde txikiago batek osatzen du talde motorra, nahiz eta nahi duenarentzat “zabalik” egon.
Osasunaren Munduko Erakundeak bultzatutako programa izanik, Ondarroaz gain, gainerako txokoetan ere herri lagunkoia eraikitzeko proiektuak martxan jarri ziren, bakoitza herriaren ezaugarrietara moldatuz. Hala, Ondarroako Udalak Dublingo adierazpena onartu, eta martxan jarri zuen Ondarru Lagunkoia taldea. “Herriko nagusiak erdigunean jarri, eta bizitza dinamiko eta soziala bultzatzea da jomuga; parte hartzea sustatuz eta herriko eragileekin elkarlanean, adinekoentzako Ondarroa bizigarriago bat egitea”, azaldu dute taldeko kideek.
Behin taldea sortuta, udalerriko diagnostikoa osatzeari ekin zioten: “Nagusien parte hartzea handitzeko mekanismoak martxan ipini genituen, eta herria nagusiei nola egokitzen zaien aztertzeko hasierako diagnostikoa osatu genuen. Horretarako, udalerriko adinekoei bideratutako galdetegi sorta egin genuen”.
Diagnostikoa osatzen zebiltzan garaian, pandemia iritsi zen. Hala ere, Ondarru Lagunkoiako kideentzat ez zen aukera bat izan aurrera eramaten zebiltzan lana etetea: “Gainera, pandemia garaian are gehiago bistaratu ziren herriko nagusien beharrak. Beraz, diagnostikoarekin jarraitu genuen, etxez etxe, 65 urtetik gorako herritarrei telefono deiak egiten”. Gizarte zerbitzuen laguntza ere izan zuten horretarako, eta 600 dei baino gehiago egin zituzten, bakoitzaren «beharrak» identifikatzeko: “Besteak beste, igogailuen falta, kalean komun publiko eta eserleku gehiago jartzeko beharra eta udalerriko kale batzuetako argiztapen falta izan ziren gehiengoak aipatzen zituen beharretako batzuk”.
Herriko nagusien beharrak erdigunean jarri, eta, herriko eragileekin elkarlanean, adinekoentzako Ondarroa bizigarriago bat egitea da helburua
Diagnostikoa osatu ostean, bigarren faseari hasiera eman zioten, 2020an, eta bi urteko iraupena izan zuen: “Diagnostikoa eskuartean edukia, Ekintza Plana diseinatu, eta herritarrei aurkeztu genien”. Taldeko kideek adierazi bezala, herritarrek “begi onez” ikusi zuten Ekintza Plana; beraz, pentsatutakoa praktikara eramaten hasi ziren.
2022. urtetik 2024ra arteko garaia hirugarren fase gisa izendatu zuen taldeak eta, bertan, emandako aurrerapausoak ebaluatu, eta, aurreko fasean diseinatutako Ekintza Planeko kronograma jarraituz, egiteke zeuden ekintzak gauzatzen hasi ziren: “2024an, bilera zabala deitu genuen Kofradia Zaharrean, proiektuaren nondik norakoak azaldu eta herritarrei inplikazioa eskatzeko”.
Belaunaldien artean. Gaur egun, laugarren fasean daude, eta udalerriko hezkuntza zentroekin elkarlanean sortutako proiektua daukate eskuartean: “Herri lagunkoia izateko bidean, beharrezkoa da belaunaldien arteko harremana sendotzean indarrak jartzea. Beraz, ikasturte hasieran, herriko nagusien kezkak ikastetxeei helarazi genizkien, hezkuntza batzordearen bitartez”. Hala, ikastetxeetan nagusien kezkak landu, eta ikasleen ekarpenak jasota, martxoaren 20an hiru aldeen arteko bilera egin zuten: Zaldupe Eskola eta Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasleak, Ondarru Lagunkoia taldeko kideak eta udal ordezkariak.
“Oraindik proiektuaren hasieran gauden arren, taldeko kideok balorazio oso positiboa egiten dugu. Izan ere, bidea oso polita ari da izaten, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu belaunaldien artean kezkak partekatzea”, nabarmendu dute. Batez ere, nagusiek egunerokotasunean ikusi edota bizi dituzten arriskuetan jarri dute fokua, eta bizikleten eta patineteen erabilera zaintzeko lanean jarri dira dagoeneko: “Lehenengo, herriko gune arriskutsuak identifikatu genituen, eta ikasleek beraiek landutakoa azaldu ziguten, arazoari irtenbidea emateko. Hala, besteak beste, herrian zehar patineteentzat gune gehiago jartzeko eskatu zuten, eta ardurak ere hartu zituzten: patineteak lurrean botata ez uztea, daudenak jasotzea, mantsoago ibiltzea, norbait gurutzatzean patinetetik jaistea…”.
Landutakoa elkarbanatu ondoren, ekintzak zehaztu zituzten: “Martitzenean egin genuen bigarren bilera eta, bertan, aurretiaz identifikatutako gune arriskutsuen inguruko lanketari ekin genion. Ikastetxeetan gune horietan jartzeko kartelak egingo dituzte, eta, maiatzaren 27an, denok batera jarriko ditugu herriko kaleetan”.
oso garrantzitsua iruditzen zaigu belaunaldien artean kezkak partekatzea.
Zentzu horretan, bi kartel mota egingo dituzte: arriskuaren egoera azaltzen eta informazioa ematen dutenak. “Testu gehiegi jarri gabe, begiratu hutsez erraz ulertzeko kartelak egingo dituzte, eta arriskua azaltzeko, bideko zirkulazio arauetako logotipoa erabiliko da, kolore gorrikoa. Informazioa, berriz, urdinez joango da, eta ordutegiak nahiz gune zein ibilbide aproposenak zeintzuk diren azaltzeko ibiliko dira”.
Ateak, zabalik. Hala, 2019an hasiera eman zioten lanari jarraipena emateko “gogotsu” daude Ondarru Lagunkoia taldeko kideak. Baina, horretarako, herritarren laguntza eta inplikazioa “beharrezkoak” direla azpimarratu dute. Hortaz, mezu argia helarazi nahi diete ondarrutarrei: “Taldeko ateak zabalik daude eta, zenbat eta gehiago batu, elkarlana oinarri duen herri lagunkoiagoa eta irisgarriagoa izateko bidea argiagoa izango da”.