San Gregorio Eguna ospatzen dabiltza berriatuarrak
Mezagaz eman diote hasiera San Gregorio egunari berriatuarrek, eta ondoren, herri kirolen ikuskizuna egon da Mendibarren frontoian.

Berriatuarrak herriko jaietan murgilduta daude aste honetan, eta gaurkoan, egun handia dute aurretik: San Gregorio Eguna. Tradizioari jarraituz, mezagaz eman diote hasiera gaurko egunari, eta ondoren, Mendibarren frontoian batu dira herritarrak, herri kirolen ikuskizunaz “gozatzeko” asmoz.Â
Euskal Duatloi Txapelduna den Ugaitz Mugerza eta Euskal Herriko txapelduna den Iker Vicente aizkolariak, eta Udane Ostolaza, Estefi Etxebeste eta Inhar Urruzuno harri jasotzaileak izan dira goizeko protagonistak. Frontoiko harmaila bete egin da; ume, gazte zein nagusi herri kirolarien ikuskizuna ikustera bertaratu baitira. Urruzuno, Ostolaza eta Etxebesteik mota guztietako harriak altxa dituzten bitartean, Urruzuno eta Etxebestek duatloia lehiatu dute, korrika eta aizkoragaz.Â
Jaiak egun guztian zehar iraungo du Berriatuan. 18:00etan Herrialde Katalanetako Viladamat herrikoei harrera egingo diete udaletxean, eta ondoren, musika eta jaia izango dira protagonista. Lehenengo, Sarats dantza taldeak emanaldia eskainiko du, eta ondoren, 21:00etan, play back lehiaketa egingo dute.Â
22:30etik aurrera “punta puntako” taldeen txanda izango da: Desein, La Txama eta Bad sound. Hala ere, gaurkoarekin ez dira amaituko San Gregorioak; izan ere, bihar, goizean goiztik martxan ibiliko dira berriatuarrak.Â






























































































