Festa giroa nagusi Leatarren Egunean
Leatarren Eguna ospatzen dabiltza gaur [maiatzak 10] Lea Ibarrako herritarrak. 'Herri txikiak bizirik' deritzon kamisetagaz atera dira kalera.

Gizaburuagan batu dira gaur [maiatzak 10] Lea Ibarra osatzen duten bost herritako (Mendexa, Amoroto, Munitibar, Gizaburuaga eta Aulesti) herritarrak, Leatarren Eguna “goi goitik” ospatzeko helburuagaz. 11:30ean ekin diote egunari, buruhandi eta dultzaineroen kalejiragaz, eta 12:00etan hasiera ofiziala eman diote festari Leargiren eskutik botatako txupinazoagaz.
Ostean, ume zein nagusi irrintzi lehiaketan murgildu dira, giro “ederra” sortuz, eta 13:00etan trikibertso poteoagaz alaitu dituzte Gizaburuagako kaleak. Mirari eta Izarra berriatuarrak arduratu dira trikitia eta panderoagaz herria girotzeaz, eta Garazi eta Lurdes izan dira bertsoei ahotsa jarri dieten bertsolariak. Geldialdi ezberdinak egin dituzte, eta bertsoa eta musika tartekatuz ibili dira. Bertsolariei ez zaie umorerik falta izan, eta herri guztien errepasoa eginez, jendearen parte hartzea bilatu dute.
Trikibertso poteoa amaitu ondoren, bazkaltzeko ordua heldu, eta Gizaburuagako frontoia bete dute Leatarrek. Gainera, aldarrikapenei ere egin diete tartea gaurkoan; izan ere, Herri txikiak bizirik aldarria presente egon da leku guztietan; bai herritarren kamisetetan, eta baita frontoiko horman ere.
Hala, festa giroak ez du etenik izango gaur. 18:00etan Ginakanari emango diote hasiera, Kubikeren eskutik, eta 19:00etan txokolatada egingo dute. Ondoren, 20:00etan Kittu erromeriak dantzan jarriko ditu leatarrak, eta 22:00etan DJ Arene igoko da oholtza gainera, jaiari amaiera emateko asmoz.











































