Herritarrek erabaki dezakete Lekeitioren etorkizuneko erronkak zeintzuk diren
Lekeitioko Udalak herriko erronkak erabaki eta eman beharreko pausuak erabakitzeko parte hartze prozesua abiatu du. Gaur gaurkoz, galdetegia zabaldu dute herritarren artean.
Lekeitio hiribildu izendatu zutenetik 700 urte igaro izana aprobetxatu nahi du Lekeitioko Udalak datozen urteetako herriaren erronkak erabakitzeko. Hala, aurrera begira ipini dira, eta erronkak herritarrekin batera identifikatu eta “norabide partekatu bat osatzeko” bidea hasi dute, Ixan deitu duten parte hartze prozesua martxan ipiniz, Elhuyarregaz batera.
Zelako herria diren, non dauden, eta norantz joan nahi duten erabaki gura duten herritarrekin batera: “Lekeitioko herritar askoren artean nahi da herriari buruzko gogoeta egin, eta horretarako, edonork betetzeko moduko galdetegia prestatu da. Galdetegiagaz herritarren ardurak, beharrak eta erronkak zein diren jaso nahi da”. Galdetegia sare sozialen bitartez nahiz udalaren web orrian dago eskuragarri.
Bi galderako galdetegia da: “Alde batetik, herritarren iritziz Lekeitioren etorkizuneko erronka nagusiak zeintzuk izan daitezkeen identifikatu nahi da. Bestetik, gaur egun Lekeitio zer den kontuan hartuta, zer mantendu edo zaindu nahi den jakin nahi da”. Galdetegia herritar denek bete ahalko duten arren, “ahalegin berezia” egingo dute, besteak beste, ume eta gazteen, emakumeen, etorkinen, euskara ikasten dabiltzanen eta herriko nagusien iritziak jasotzeko.
Hurrengo pausuak. Galdetegia maiatzaren 30era arte bete ahal izango da. Ostean, “askotariko herritarrekin” osatutako kontraste mahai batean zehaztuko dute prozesuaren norabidea: “Mahai horren egitekoa izango da uda ostean izango diren bi batzar parte hartzaileen edukia definitzea. Horretarako, kontutan izango dute datozen asteetan herritarrek galdetegian esandakoa”. Udalak galdetegia betetzeko deia egin du: Momentua da herritarrok, denon artean, gure herriaren norabidea pentsatzeko ahalegina egiteko. Egin dezagun denok batera eta ixan gaitezen”.