Destiny Driver eta Hil da jainkosa antzezlanek irabazi dute Antzerki arinen jardunaldietako Kriselu saria
Hiru ondarrutarrek irabazi dute saria. Ainhoa Etxebarriak eta Nerea Gartziak Hil da jainkosa antzezlanagaz irabazi dute Kriselu saria, eta Ugaitz Alegriak Destiny Driver antzezlanagaz.

Bilboko Pabellon 6eko Antzerki Arinen Jardunaldien hamabigarren edizioa ospatu dute apirilaren 11tik maiatzaren 11ra bitartean, eta lau asteburutan zehar, hamasei antzezlan estreinatu dira (hamalau gaztelaniaz eta lau euskaraz). Joan den asteburuan sari banaketa egin ondoren, Nerea Gartziak eta Ainhoa Etxebarriak antzeztutako Hil da jainkosa antzezlanak, eta Ugaitz Alegriak Getari Etxegarairekin batera antzeztutako Destiny Driver piezak Kriselu Saria lortu dute, ex aequo. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eskutik banatutako saria da honakoa, 3.000 eurokoa.
Etxebarriak idatzitako lana da Hil da jainkosa, eta umorea oinarri izanik, hileta baten antzezpena egiten dute Gartziak eta Etxebarriak: “Nerea Gartzia Gartziaren hiletaren antzezpena da. Aktorea da bera, eta ez da heldu nahi zuen lekuraino. Beraz, bere hileta erabiliko du distira egin eta famatua bilakatzeko”.
Destiny Driver antzerkiagaz taularatu zen Ugaitz Alegria, Getari Etxegarairekin batera. Zeinek daki konpainiaren pieza da, Markos Goikoleak idatzitakoa, eta Olatz Ganboak zuzendutakoa. XXII. mendeko bi pertsonen arteko zita baten antzezlana da.
Gainerako sariak. Bestalde, Alex Angulo ikuskizun onenaren saria ¿FUMAS? lanarentzat izan da. Bilboko Udaleko Kultura Sailaren eskutik, 3.000 euroko saria lortu du Ander Lacallek idatzi eta zuzendutako, eta Omar Somai eta Amaya Quiroga Elizaldek antzeztutako antzezlanak. Horrez gain, epaimahaiak bi aipamen egin ditu; alde batetik, Ixo Teatroaren Herio lanari, eta beste aldetik, Josu Angulo Anthonisenen Una gaviota, quizàs antzezlanari.
Publikoaren Saria Lander Otaolak idatzitako Bilbao, 2035 lanak eskuratu du, eta Pabellon 6ek bi Interpretazio Sari banatu ditu, partekatuak: Aitor Echartek La profundidad lanagatik eskuratu du, eta Anje Oregik Una gaviota, quizás piezagatik, Eider Villalba Arrietak Zazpi urte eta erdi lanagatik, eta Eneritz Garcia Alonsok La profundidad lanagatik.