Adin-adin ekimena, egoiliarren gaitasun kognitiboak pizteko
Adin-adin ekimenaren barruan, Lekeitio, Ondarroa eta Markina-Xemeingo egoitzetako egoiliarrek bertso saioez gozatzeko aukera edukiko dute.
Bizkaiko zaharren egoitzak bertso doinuz beteko ditu Adin-adin proiektuak bihar hasi [maiatzak 15], eta uztaila 7a [astelehena] bitartean. Bertsozale Elkarteak sortutako Lanku Bertso Zerbitzuak Adin-adin proiektua sortu zuen 2014an, belaunaldien artean zubiak eraiki, egoitzak bertso plazan integratu eta bertsoa adinekoen egoitzetara hurbiltzeko helburuagaz.
Ekimenak 12 geraleku izango ditu eta horietako bakoitzean bina bertsolari ibiliko dira kantuan. Saioak Gernika-Lumon, Diman, Markina-Xemeinen, Ondarroan, Zeberion, Lekeition, Durangon, Otxandion, Leioan, Bermeon, Sondikan eta Zornotzan izango dira, eta guztira 15 bertsolarik parte hartuko dute ekimenean.
Egoitzetako ordezkariek bertso eta kantuek pertsona adinduen gogoa eta gaitasun kognitiboak pizteko “eragin positiboa” izan ohi dutela nabarmendu dute, “oso harrera beroa” izaten dutela nabarmenduta.
Lehen geralekua Gernika-Lumon egingo du ekimenak, bihar, baina datorren astetik aurrera Lea-Artibaira ere iritsiko da. Maiatzaren 2oan [martitzena] Lekeitioren txanda izango da: Xabier Amuriza eta Xebastian Lizaso arituko dira kantuan, Abaroa egoitzan.
Ondarroako Artibai egoitzako egoiliarrek ere izango dute bertso doinuez disfrutatzeko aukera, ekainaren 9an. Xabat Galletebeitia eta Irune Basagoiti izango dira bertaratuko diren bertsolariak. Markina-xemeindarrek, berriz, Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue bertsolarekin dute hitzordua, uztailaren 7an, ekimenak aurreikusita duen azken bertso saioan.