Azaroan Markina-Xemeinek hartuko du Euskal Herriko II. Hika Topaketa
ZirHika elkarteak duela bi urte Oñatin egin zuen lehenengo topaketa, eta Markina-Xemeinen izango da bigarrena. Hitanoa bultzatzen ari diren eragileak batu eta elkar ezagutzea da asmoa.

Gero eta ugariagoak dira hitanoa biziberritzeko egitasmoak Euskal Herrian, eta horien erakusle da 2023an lehenengoz Euskal Herriko I. Hika Topaketa antolatu izana. Oñatik hartu zuen lehenengo topaketa hura, eta Markina-Xemeini pasako dio erreleboa. Izan ere, azaroan Euskal Herriko II. Hika Topaketa bertan izango da.
ZirHika elkartearen eskutik heldu dira bi topaketak. Markina-Xemeingo AEK-k azaldu duenez, hitanoa bultzatzen ari diren eragile gehienak nor bere aldetik ari dira lanean, “besteak zertan dabiltzan jakin gabe eta elkarlanerako aukerarik gabe”. Horri buelta ematea zen topaketen helburua, hitanoa bultzatzen ari diren eragileak elkartu eta elkar ezagutu nahiz elkarlanerako bideak eraikitzen hasteko asmoz. “Lea-Artibai euskararen arnasgunea dela aintzat hartuta, eta hika, bai Markina-Xemeinen, bai eskualdeko hainbat herritan ahoz-aho darabilgulako egun ere, azaroan Markina-Xemeinen izango da bigarren topaketa. Beraz, beste herrietatik etorritakoen iritziak eta kezkak entzuteko eta elkarbanatzeko parada edukiko dugu udazkenean”, adierazi dute AEK-ko kideek.
ZirHika elkarteak ildo beretik antolatu ditu, era berean, Durangoko Hikadromoa, Euskaraldia Hika eta azaroan egingo diren bigarren topaketa ere. Euskaraldiari dagokionez, lehenengoz antolatu dute egitasmoa, Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin batera; guztira 83 herri batzordek eman dute izena Euskarladia Hikan. Eskualdeko lau herri daude tartean, Aulesti, Etxebarria, Markina-Xemein eta Ziortza-Bolibar, hain zuzen ere. Parte hartu nahi dutenek txapa eskatzeagaz batera egin dute aukeraketa, eta H daraman pegatina jasoko dute; oraindik ere badago aukera izena eman eta Euskaraldia Hikan parte hartzeko.
Ikastaroa. Markina-Xemeingo AEK-ren egitasmoen artean amaitu berri duten hitano ikastaroa ere badago. Bi hilabetez zortzi lagunek parte hartu dute estreinakoz antolatu duten ikastaroan, eta azaldu dutenez, balorazioa “oso ona” izan da. Hori horrela, eta “izandako arrakasta” ikusita, datorren ikasturtean ikastaro gehiago antolatzeko asmoa erakutsi dute AEK-tik. Gaineratu dutenez, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ere badute herrian: “Hileko azken barikuetan taldetxo bat batzen da, Uhagon kulturgunean, hika praktikatzeko. Hitzordua 16:00etan izaten da, eta Berbalagun proiektuaren harira sortutako ekimena da. Beti ere, kafe bat hartuz, giro ederrean”.