Haize berriak, Iparraldetik Lekeitiora
Barikuan [maiatzak 16] bertso ibiltariagaz hasiko dute Iparraldeko Haizeak jaialdia, eta zapatuan [maiatzak 17] egun osoko egitarauagaz amaituko dute.
Bueltan da Iparraldeko Haizeak jaialdia. Aittitta Txiki Kultur Taldeko kideek iaz ezin izan zuten Iparraldeko Haizeak jaialdia antolatu, errelebo faltaren ondorioz. Aurten, ostera, hainbat herritar elkartu dira eta egitasmoa antolatzea lortu dute. Hori horrela, barikuan eta zapatuan [maiatzak 16 eta 17] haize berriak helduko dira Iparraldetik Lekeitiora.
Ekimen “garrantzitsua” da herrian Iparraldeko Haizeak jaialdia, eta hainbat herritarrek “kezkaz” hartu zuten iaz jaialdirik egon ez izana. Halaber, Aittitta Txiki taldekoekin elkartu, eta jaialdia antolatzeko batuta hartu zuten herriko zenbat kuadrila, talde, mugimendu elkarte nahiz eragilek, Aittitta Txikiko antolatzaile beteranoekin batera.
Azaldu dutenez, aurtengoan bi eguneko jaialdia izango da; izan ere, domekan Bizkaiko Dantza Eguna ospatuko da herrian. Hala ere, ez da ohiko ekintzarik faltako: “Formatua betiko antzekoa da, baina aurten, hiru egunetan egiten zena bi egunetan egingo dugu”. Hala, bariku iluntzean hasiko da jaialdia kultur ekimen batekin: “Bertso saio ibiltaria egingo dugu, Nautika aurrean hasita”. Etxeko bi bertsolari eta hendaiar bat ariko dira: Aissa Intxausti, Xabat Galletebeitia eta Miren Artetxe, hain zuzen ere.
Zapatuan, ostera, egun guztiko egitaraua izango dute aurretik: “Denetarik egongo da. Goizean, esaterako produktuen azoka egingo dugu Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuekin. Musika egongo da kaletik, Sukalki Txapelketa, umeentzako ekintzak…”. Sukalki Txapelketa, gainera, berrikuntza batekin dator, izan ere, orain arte ez bezala, kuadrilen erdigunea plaza izatea bultzatu nahi izan dute: “Orain arte gisatu txapelketan lagun talde bakoitza elkarte gastronomiko edo taberna batera lortzen zen. Aurten kontrakoa indartu nahi izan dugu. Elkarrekin harremantzea nahi dugu, eta guzti hori plazan batzea pentsatu dugu. Hori da indartu nahi duguna”. Arratsaldean, ostera, Baigorriko Arrola Dantza Taldeak eta Lekeitioko Etorkizuna Dantza Taldeak ikuskizuna eskainiko dute. Egunari amaiera Txirrist txarangarekin emango diete.
Lanketa ikastetxeetan. Iparraldeko Haizeak jaialdiaren beste bereizgarrietako bat herriko eta Iparraldeko ikasleen arteko trukaketa izan da. Aurten, baina, ez dute denborarik eduki hori “nahi bezala” antolatzeko: “Abendu inguruan hasi ginen jaialdia antolatzen. Lehen Iparraldeko ikastetxe batekin trukaketa egiten zen, baina aurten ez dugu lortu astirik izan ez dugulako”. Hala ere, ikasleekin lanketa egitea lortu dute: “Guraso elkarteko kideek lantalde bat sortu dute, eta ikasmateriala sortu dute ikastetxeetan landu ahal izateko. Aurreko asteetan ekimenaren inguruko lanketa egiten aritu dira, sortutako ikasmaterialagaz”. Aurten trukaketa egitea lortu ez duten arren, datorren urtean berriro ere egitasmoa berreskuratzeko asmoa erakutsi dute.
Maiatzak 16, barikua.
- 20:00. Bertso saio ibiltaria, Nautika aurretik: Aissa Intxausti, Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia.
Maiatzak 17, zapatua.
- 10:00etatik aurrera. Gisau txapelketaren hasiera.
- 10:30-15:00. Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuen azoka, plazan.
- 11:00. Azkue Ikastolako eta Lekeitio BHIko DBH 2. mailako ikasleek antolatutako kirol, jolas eta erronkak, 10 urtetik gorakoentzat.
- 11:00. Ardi ile moztailearen erakusketa.
- 11:30-13:30. Umeentzako egitaraua plazan, Parkeko Gunearen eskutik.
- 11:30. Baigorriko gaiteroak kaleak girotzen.
- 12:00. Txistulariak, kalez kale.
- 13:00. Aittitta Makurra txaranga herria girotzen.
- 13:30. Gisauen aurkezpena, plazan.
- 14:45. Sari banaketa, plazan.
- 15:00. Bazkaria.
- 18:00. Baigorriko Arrola Dantza Taldea eta Etorkizuna Dantza Taldearen ikuskizuna, plazan.
- 20:30 eta 23:00. Txirrist Txaranga, Nautika aurretik.