Pello Ulazia Ibarzabalek Mutrikun emango dio amaiera 'Kartoia, papera, guraizeak' erakusketaren birari
Pandemia sasoiko itxialdian garatutako proiektua da Pello Ulazia Ibarzabalen 'Kartoia, papera, guraizeak'. Egindako lana Euskal Herriko txoko ezberdinetan erakutsi ondoren, Mutriku izango da azkenengo geltokia.

Pandemia garaian sortutako Kartoia, papera, guraizeak proiektuari bere sorterrian emango dio amaiera Pello Ulazia Ibarzabal mutrikuarrak. Sortzen hasi zen momentuan erakusketa forma hartuko zuela ez zekien arren, Covid-19aren ondorioz etxean egondako sasoian eraiki, deseraiki eta birformulatutako lana erakutsi nahi zuela argi zeukan Ulaziak: “Etxean preso gelditu ginenean gauza askotaz ohartu ginen. Alde batetik, egoera gogorra zen, ziurgabetasuna zen nagusi eta egunerokoak kezkatzen gintuen, baina beste alde batetik, nolabaiteko etenaldia egiteko balio izan zigun, etxean gelditu eta gauzak ez egiteko, isiltasuna entzuten hasteko. Sistema produktiboa bigarren planoan gelditu zen eta zaintza lanen beharrezkotasuna bistaratu zen. Honek guztiak gogoetarako tartea ireki zigun, eta denbora geneukanez, sortzeko tartea ere bageneukan. Beraz, poliki-poliki gogoeta horri tiraka lanean hasi nintzen, eta gaur egun erakusketa bihurtu den pieza osatzen eta gorputza sortzen hasi nintzen”.
Collage, poema bilduma eta eskulturaz osatutako erakusketa da Ulaziarena. Collage dioenean, irudi edo argazkiekin osatutako piezan oinarritzen dela dio, eta argazkiek itxialdiari erreferentzia egiten diotela zehaztu du Ulaziak: “Kale hutsak, leihotik kalerainoko begiradak… finean, irudien bidez, itxialdiko unea islatu nahi nuen”.
Poema bilduma osatzeko orduan, euskal kulturgintzan erreferente diren kulturgile ezberdinen ideiak erabili, birformulatu, deseraiki eta eraiki zituen: “Nerea Ibarzabal edo Itxaro Borda bezalako erreferenteen lanak irakurri nituen, baita beste zenbait filosoforenak ere. Hala, beren ideiak hartu, eta arte lan baten bihurtu nituen, beti ere, espiritua mantenduz. Hau da, beren hitzak eta esaldiak hartu, eraldatu, deseraiki, moztu, itsatsi eta beste forma bat ematen nien; hitzak eta esaldiak material gisa erabiliz”. Beraz, argazkien bidez collage bat sortu eta momentu hartako unea islatu zuen bezala, hitz eta esaldien bidez diskurtsoa eraiki zuela zehaztu du Ulaziak.
Eskulturak eraikitzeko kartoizko kaxak erabili zituen artistak, bakoitza modu ezberdin batean antolatuz: “Proiektu artistikoaren ardatza pertsonek bere gorputzarekiko eta ingurunearekiko duen pertzepzioa berriz irudikatzean datza; gorputza, etxea eta ingurumena, gorputz, egitura eta espazio habitatu bezala erlazionatzen ditu, matrioshka baten erara, espazio partekatu eta interkonektatu batean”. Hala, elementu batek huts eginez gero, nolabaiteko kolapsoa datorrela dio Ulaziak, eta pandemia horren adibide garbia izan zela azpimarratu du.
Azken geltokia, Mutriku. Pandemian etxetik hasi zuen lana Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean amaitu zuen Pello Ulaziak 2022an, eta urte hartako uztailean estreinatu zuen EAn. Zumaia, Bera edota Azpeitian egonaldia egin ondoren, Mutrikuko Zabiel Kultur Etxea izango da Kartoia, papera, guraizeak lanaren azkenengo geltokia. “Mutrikuarra izanik, erakusketari amaiera emateko modu berezia dela esan nezake. Gainera, zenbait herritarrek animatu naute erakusketa Mutrikura ekartzera; beraz, herrian emango diot amaiera”. Erakusketa domekara [maiatzak 18] arte egongo da, eta zapatuan [maiatzak 17] bisita gidatua eskainiko du Ulaziak, 13:00etan.
Erakusketaren helburuak “ondo” bete dituela adierazi du; izan ere, Ulaziaren helburua ez da izan jende askorengana heltzea, berak buruan zituen galderei erantzutea baizik: “Askotan ez ditugu bereizten zeintzuk diren gure hutsuneak, eta planteatzen ditugun galderei erantzun estetiko bat ematen saiatzen gara. Erantzun estetikoa ematean, beteta sentitzen naiz ni; nolabait, planteatutako galderei erantzuna eman diedalako. Egia da, egindako lana etxean utziz gero, ezerezean gelditzen dela, baina jendearen erantzuna ez da hainbeste balioztatzen dudana. Jendearen erantzuna ona bada, zoragarri, baina lanaren arrakasta balioztatzeko orduan ez diot horri begiratzen”.