Udaberria ekimenez beteko dute
2025eko Udaberriko Agenda eman du ezagutzera, beste behin, Munitibarko Udalak, herriko talde eta eragileekin elkarlanean. Euskaraldia abiapuntutzat hartu, eta maiatza eta ekaina hamaika ekimenez bete dute.
Munitibarko Udalak, herriko talde zein eragileekin elkarlanean, Udaberriko Agenda argitara eman du, beste urte batez. Hala, maiatza eta ekaina bitartean, herritarrek eta bertaratzen diren guztiek denetariko kultur ekimenez gozatzeko aukera paregabea edukiko dute herrian. Euskaraldia ardatz izango du, gainera, aurten, Munitibarko Udaberriko Agendak. Izan ere, horixe izango da agendari hasiera emango diona; maiatzaren 15etik 25era bitartean askotariko ekintzek beteko dute herria, Euskaraldiaren baitan.
Berezitasunak ere izango ditu aurten udalak eta herriko eragileek prestatu duten agendak. Adibidez, Habixi elkargunearen inaugurazioa. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, maiatzaren 23an, 19:00etan Habixi elkargunean bertan, irekiera jaiaz gozatruko dute bertaratzen direnek. Lehen gaztetxea zegoen tokian zabaldu dute herriko eragileek gune hori, alegia. Hortik ekainera egingo du salto, jarraian, Udaberriko Agendak; ekainaren 4ra, hain zuzen. Iñaki Petxarroman idazlearen ahotsetik Lehendakariaren alaba irakurri eta komentatutko dute, Udal aretoan.
Bestalde, Gregoria antzerkiak ere Munitibarko probalekuko auditorioa izango du eszenatoki ekainaren 6an, 19:00etatik aurrera. Kurtso amaierako eskolako jaialdiak emango dio jarraipena ekainaren 20an, oro har, agendari. Ondoren, San Juan ukendu ikastaroaren txanda izango da, ekainaren 21ean, eta zelan ez, 23an jarraipena izango du, San Juan bezperako jaian murgiltzeko aukera bete-betean eskainiz. San Pedro jaiak izango dira nagusi, ondoren, herrian. Izan be, ekainaren 27, 28 eta 29a giro herrikoian ospatuko dute herritarrek, edota hurbiltzen direnek.
Hurrengoak. Udaberriko Agendaz gain, etortzear dauden ekitaldien berri ere eman nahi izan du Munitibarko Udalak. Gauzak horrela, uztailak 13an ozpatuko dituzte San Kristobal jaiak, adierazi dutenez. Oizko ermitara bertikala ere egun berdinean egitea aurreikusi dute. Azkenik, Andra Mari jaiak irailaren 12 eta 14a bitartean ospatuko dituzte herrian.