Arantza Burgoa Agirregomezkorta: "Emozio ezberdinek hartu ninduten omendua izango nintzela esan zidatenean"
Antxoa Eguneko omendua izango da Arantza Burgoa Agirregomezkorta (Ondarroa, 1965). Ondarroako Udalak Burgoaren kirol ibilbidea zein berdintasunerako bidean emakumeek herriko kaleak hartzeko egindako lana eskertu eta aitortu nahi dio sariarekin.

Ofizioa eta afizioa. Bi hitz horiekin deskriba dezake Arantza Burgoa Agirregomezkortak (Ondarroa, 1965) bere kirol ibilbidea. Txikitatik izan du kirolarekiko afizioa, eta afizioa ofizio bihurtu zuen Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzietan lizentziatu zenean. Jose Mari Naberanek zerikusia daukala dio horretan, kirola maitatzen erakutsi baitzion hastapenetan. Hala, bere kirol ibilbidea omendu eta egindako lana aitortzeko, Zilarrezko Antxoa saria emango dio bihar Ondarroako Udalak.
Zilarrezko Antxoa saria jasoko duzu bihar, Antxoa Egunaren testuinguruan. Nola jaso zenuen berria?
Udaletxetik deitu zidaten, aurtengo Antxoa Eguneko omendua izango nintzela esanez. Berria jaso nuen momentuan, izoztuta gelditu nintzen, eta emozio desberdinek hartu ninduten: lehenengo poza, gero urduritasuna, ezustekoa… Agian, nahastuta ere sentitu nintzen. Ez nuen espero. Deia jaso eta gutxira Irina Alkorta jarduneko alkateak deitu zidan, eta saria jasotzearen zergatia galdetu nionean, esan zidan, alde batetik, nire kirol ibilbidea omendu nahi zutela, eta beste aldetik, gaur egun, Ondarroan, emakumeak kalean kirola egiteko normalitatea ez litzatekeela existituko nik egindako lanik gabe.
Beraz, egindako lan guztiarengatik aitortza bat jasoko duzu.
Hori esan zidan, bai. Poztu egin nintzen. Eta berria eman zidatenean, isilik egoteko eskatu zidaten, oraindik ez baitzegoen publiko eginda; beraz, publiko egin ondoren, herritar pila bat etorri zitzaizkidan, zorionak eman eta merezi dudala esanez. Egia esan, lotsatu ere egin naiz, kar-kar-kar.
Alde batetik, zure kirol ibilbidea dela eta jasoko duzu bihar saria. Noiz dastatu zenuen kirola lehen aldiz?
Zubi Zahar Herri Ikastolan eman nituen lehen urratsak. Jose Mari Naberanek atletismo taldea sortu zuen, eta emakume askori, baita gizonei ere, ateak zabaldu zizkigun. Garai hartan, Ondarroan, kirol gisa, futbola zegoen bakarrik, eta mutilentzako zen, jakina. Kirola ezagutzeko modua izan zen atletismoan hastea. Naberanekin atletismoan ibili ginenok, denok heldu ginen kirola maitatzera, eta egun, batzuk, ofizio bezala ere badaukagu. Hala ere, atletismoaz gain, Aurrera Mendi Taldeak antolatzen zituen mendi irteeretara ere joaten nintzen.
Zein diziplina egiten zenuen?
Orduan denetik egiten genuen, baina denborarekin, 400 metroko hesi probak egiten hasi nintzen. Ikastolatik Ondarroako Institutura pasa ginenean, bertan jarraitu nuen. Hortik, Zornotzako atletismo taldera joan nintzen, eta gero, Atletico San Sebastianera.
Naberanekin atletismoan ibili ginenok, denok heldu ginen kirola maitatzera, eta egun, batzuk, ofizio bezala ere badaukagu.
Ofizioa aipatu duzu. Izan ere, INEF ikasketak egin zenituen Madrilen.
Bai, hala da. Madrilen nengoen bitartean, kirol ezberdinak probatu nituen. Bertan bost urte egin ondoren, herrira itzuli nintzen, 23 urterekin. Orduan, igeri taldeko gurasoek entrenatzaile gisa aritzeko proposamena luzatu zidaten, Elena Fernandezekin batera. Bost urte entrenatzaile lanetan ibili ondoren, oposizioak prestatzeko utzi nuen.
Behin oposizioak aterata, triatloiari ekin zenion?
Horren aurretik mendian ere ibili nintzen. Durangon lanean nenbilen bitartean, mendiarekin lotura estua zeukan lagun talde bat egin nuen, eta Indiara eta Nepalera joan ginen, baita Alpeetara eta Pirinioetara ere.
Eta, noiz hasi zinen triatloian?
Triatloia probatzeko gogotsu nengoen, eta 2011n Xabik, nire senarrak, eta ume biek bizikleta oparitu zidaten. Ordutik, gaur egunera arte triatloian ibili naiz. Egia esan, ondo ibili naiz triatloi munduan, eta lorpenak ere nahikotxo izan dira. Taldean kirola egitea gustatzen zait, horrek dauka zentzua niretzat, eta Koaxi Triatloi Taldean sartu nintzenean hori eman zidan: talde bat alde batera eta bestera mugitzeko.
Ibilbidean zehar, oroitzapen kuttunik?
Oroitzapen on asko ditut. Baina horietatik batzuk aipatzearren, gogoan dut, adibidez, Ironmanean nire adin tartean lehenengo postua eskuratu nuenekoa, edo Iruñeko HALFa egin ostean, sailkapena begiratu, eta lehenengo postuan gelditu nintzela ikusi nuenekoa, Espainiako Txapelketa zen honakoa. Beste oroitzapen kuttun bat ere badaukat. Gogoratzen dut Gasteizen egin nuen Iromanera familia guztia ezustean etorri zenekoa. Euskadiko Txapelketa zen; hirugarren postuan gelditu nintzen, eta nire adin tartean, lehenengoan. Momentu oso polita izan zen, buruan neukan gauza bakarra zen, behin familia guztia etorrita, amaitu egin behar nuela lasterketa. Hala ere, gaur egun nire helburua ez da podiumean sailkatzea, hori lortuz gero, ondo. Baina gaur gaurkoz, nire helburua kirola praktikatzen jarraitzea da, beti ere, taldean.
Taldean kirola egitea gustatzen zait, horrek dauka zentzua niretzat, eta Koaxi Triatloi Taldean sartu nintzenean hori eman zidan: talde bat alde batera eta bestera mugitzeko.
Aurretiaz aipatu bezala; besteak beste, zure kirol ibilbidearengatik eta berdintasun arloan egindako lanagatik jasoko duzu biharko saria. Kirol arloan emakumeak kaleak hartzeko jaio zen Aringaingan, eta ordutik, zuk gidatzen duzu taldea. Gainera, aurretik, kirol zinegotzia ere izan zinen.
Alde batetik, 2011ko udal hausteskundeetako EH Bilduren zerrendan nengoen, eta hauteskundeak irabazi ondoren, kirol zinegotziaren postua hartu nuen. Kirol arloari dagokionez, lan handia egin genuen, eta talde kirolari garrantzia berezia eman genion. Beste aldetik, emakumeak kirola egitera kalera ateratzeko sortu zen Aringaingan taldea, eta gaur egun horrela ez badirudi ere, 2016an apustu handia izan zen. Ondarroako Jabekuntza Eskolaren eta udalaren ekimenez sortu zen, eta emakumeak kirola egitera espazio pribatutik publikora ateratzea zen helburua. Bisit Beiro zen garai hartan berdintasun zinegotzia, eta egia esan, bere apustua izan zen Aringaingan taldea. Bere deia jaso nuen, eta bilera batean batu ostean, taldea dinamizatzeko proposamena luzatu zidan. Hastapenetatik, neuk dinamizatzen dut taldea.
Garaiak aldatu direla uste duzu?
Azken urteetan nahikotxo aldatu da panorama. Izan ere, Aringaingan taldea lehen aldiz atera zenean, ezin daiteke imajinatu kaletik nola begiratzen zigun jendeak, emakumeak kalean korrika egiten ari ginelako. Hasierako bi urteetan talde txikia ginen, baina hirugarren urtean, hazkunde handia izan zuen, boom-a. Profil desberdinak batzen ginenez, hiru talde sortu nituen, eta gaur egun ere horrela ibiltzen gara: hasi berriak, noizbait kirola egin dutenak eta kirola maiztasunez egiten dutenak. Gainera, hortik hasi ginen Lilatoira joaten, eta azken urteetan talde handienaren sariak ere lortu ditugu. Aipatzekoa da datorren urtean 10 urte beteko ditugula.
Bisit Beiro zen garai hartan berdintasun zinegotzia, eta egia esan, bere apustua izan zen Aringaingan taldea.
Emakume kirolaria izanik, oztoporik aurkitu duzu bidean?
Aitortu behar dut zorte handia izan dudala etxean, gurasoekin. Nire adinean ez zen ohikoa kirol ikasketak egitea, eta inoiz ez didate oztoporik jarri horretarako. Ez niri, ezta nire ahizpei ere. Gainera, nik, hasieran, zuzenbide ikasketak egin nahi nituen, baina egun batetik bestera buruak klak egin zidan, eta INEF egitera joan nintzen Madrilera. Gurasoez gain, bizitzan zehar ere, beti egin izan dut nahi dudana; hau da, korrika egin nahi badut egingo dut, edo igeri, edo bizikletaz. Eta inguruan ere beti eduki dut babes hori. Hala ere, egia da, panorama orokorretik ikusita, mila oztopo daudela.
Aurrera begira, zein da zure asmoa?
Aringaingan taldearekin jarraitzeko gogoa eta esperantza daukat. Zentzua daukan edo ez, ez dakit; izan ere, helburua aspaldi bete baitzen. Baina, hala ere, uste dut beharrezkoa izaten jarraitzen duela. Horrez gain, triatloian jarraitzea da nire nahia, osasunak ematen didan bitartean behintzat. Triatloian eta taldean, jakina, hori baita nire pasioa.
Aitortu behar dut zorte handia izan dudala etxean, gurasoekin. Nire adinean ez zen ohikoa kirol ikasketak egitea, eta inoiz ez didate oztoporik jarri horretarako