Magia, motibazioa eta norberarengan sinestea, aurtengo Ilusio Ponpak jardunaldiko giltzarri
Lea Artibai Ikastetxeak astelehenean [maiatzak 19] ospatuko du aurtengo jardunaldia, 09:30etik aurrera. Xabi Osa, Luis Galindo eta Dania Diaz hizlariek parte hartuko dute. Bertaratu nahi dutenek izena eman beharko dute.
10 jardunalditan hamaika hizlari pasa dira Lea Artibai Ikastetxeak antolatzen duen Ilusio Ponpak jardunalditik. Ekimenaren arrakasta urtez urte handituz joan da, eta badator 11. edizioa ere. Hala, aurten beste goi mailako hiru hizlari gehituko dituzte zerrendara: Xabi Osa, Luis Galindo eta Dania Diaz. Eskualdeko profesionalen gozamenerako, astelehenean [maiatzak 19] 09:30etik aurrera ikastetxeko auditorioan euren hitzaldietaz gozatzeko aukera egongo da.
“Ilusioa dagoen tokian bide bat dagoela erakusteko gogoz” helduko dira aurtengo parte hartzaileak. Magia, motibazioa eta norberarengan sinestea izango dira aurtengo jardunaldiaren norabidea zehaztuko dituzten gaiak. Jardunaldian izena eman nahi dutenek www.leartik.eus web orritik edo 946-16 90 02 telefonora deituz egin dezakete.
Hala, Xabi Osa debarrak, El poder de creer en ti hitzaldia emango du; eliteko kirolaria da Osa, eta baita coach-a ere. Ezkerreko besaurrearen erdia eta eskumako eskuko bi behatz gabe jaio zen, eta hortik abiatuta egindako ibilbidearen inguruan ariko da. Luis Galindo zaragozarrak, ostera, Dejar de pensar en por que no podemos hacer las cosas, y empezar a pensar en como las podemos hacer hitzaldia emango du. Enpresa lidergoan eta coaching-ean aditua da Galindo, eta 1.000 konferentzia eta hitzaldi baino gehiago eman ditu; besteren artean, adimen emozionalari buruz, positibismoari, gainditze pertsonalari, motibazioari eta baikortasun adimenduari buruz aritzen da bere hitzaldietan. Egunagaz amaitzeko, Dania Diaz ilusionista venezuelarrak hartuko du hitza. Magia aitzakiatzat hartuta, La magia de contar historias hitzaldia emango du.