Euskararen "grina, kemena eta erronka"
Abian da Euskaraldia, Euskal Herri osoan, 'Elkar mugituz egingo dugu', lelopean. Hurrengo egunetan, denetariko jarduerak egingo dituzte Lea-Artibain zein Mutrikun.

Abian da euskaldunen hizkuntzaren jarduera sozial masiboa: Euskaraldia. Euskal Herri osoko milaka lagunek, euren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz gehiago eta erosoago egiteko saiakera egingo dute 11 egunez. atzo [maiatzak 15] Euskal Herriaren luze-zabaleko hainbat herritan egin zituzten Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldiak. Haietatik nagusienak Bilbo, Getxo, Baiona, Iruñea, Donostia eta Gasteizkoak izan ziren.
Agerraldi nagusiotan, euskarak beharrezko duen “biziraupen mugimendua” azpimarratu zuten, herritar guztiek Euskaraldiaren txapa bereizgarriak batera ipini orduko: “Urrundik gatoz, eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du. Eta gu elkar mugitzera goaz. Horrexegatik aurtengo ekitaldiaren leloa: Elkar mugituz egingo dugu. Hori da euskararen grina, kemena eta erronka”, azaldu zuten. Hitzez ekiteko garai honen aurrean, antolatzaileek “eragitea” helburu dutela nabarmendu zuten: “Lehenengo pertsonatik eta pluralean”. Euskararen aldeko bultzadak eta eragiteak “lotsagabea, tinkoa eta adeitsua” behar duela izan adierazi zuten.
“Urrundik gatoz, eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du”
“Hitzez ekiteko garaia da. Eta guk, eragitea dugu helburu: lehenengo pertsonatik eta pluralean. Elkar zainduz, batera bultzatuz, konplexurik gabe: lotsagabe, tinko eta adeitsu”, azaldu zuten. Hala, taldelanarentzako nahiz tokian tokiko zein herriz herriko batzordeetako kideentzako berbak ere eduki zituzten: “Komunitatea dugu ikur, eta auzolana babes; beste inon ez da Euskaraldia bezalako ariketa sozial masiborik egin”.
Txapen “superboterea”.
Aldartea poztea eta komunitatea piztu. Horixe da Euskaraldiaren txapak duen egiteko nagusia. Ikur berezi horren atzean, gainera, «superbotere bat» duela argitu zuten: “Hau ez da txapa sinple bat. Izan ere, txapa honek superbotereak ematen dizkizu. Adorea ematen dizu, entzumena ernetu, eta aldamenekoa zein zu babesten zaituzte. Txapa hau, hizkuntza bezala, magikoa da: ilusioa aktibatzen du. Txapa da, hitza bezala, askotariko jendea konektatzeko giltza”.
Herritarrei parte hartzeko eta Euskaraldian agente aktibo izateko deialdiarekin biribildu zuten atzoko aurkezpen ofiziala: “Txapa soinean eta hitza ezpainetan, euskaradunon aldia hasia da. Totelka edo arrapaladan, ahots handi edo mehez, ozen zein xuxurlaka, gozatu belarriak eta astindu mihiak, hitzez ekinez distantziak txikitzera eta euskararen lurraldea handitzera goaz eta. Pausoz pauso, jarri gaitezen martxan: irmotasunez, mugiaraziz geldirik daudenak. Hiztunak batuz, eman euskarari arnasa; mintzakideak elkartuz, eman elkarri babesa. Batera eraginez, erabilera handituko dugu”.
“Hiztunak batuz, eman euskarari arnasa; mintzakideak elkartuz, eman elkarri babesa. Batera eraginez, erabilera handituko dugu”
Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean ere, egun handia izan zen atzokoa. Plazarik plaza eta txokoz txoko, herritarrek bat egin zuten Euskaraldiarekin. Bermeotarrek 19:00retan ekin zioten aurtengo ekitaldiari, Goiko plazan bilduta. Gernika-Lumon, baina, ekimenaz askoz goiztarrago abiatu zituzten. Hain zuzen ere, 11:00etan, Segundo Olaeta Musika Eskolako kideek Busturialdeko hezkuntza zentroetako ikasleekin bat egin zuten, Lizeo Antzokian, musika, dantza eta ospakizuna uztartu zituen ikuskizunean.
Zirikatzeko deialdia.
Haurrei zuzenduta, azaldu zieten eurak zirikatzaileak izango direla aurtengo Euskaraldian: “Zirikatzea izango da zuon guztion egiteko nagusia. Euskaraz hitz egiteaz gain, zirikatu itzazue inguruko guztiak, modu horretan Euskaraldian parte har dezaten, txapak jantzi ditzaten; hori da zuen superboterea, ahal bezainbeste zirikatzea”.
Gainontzeko udalerriei dagokienez, Busturian Asier Kidam magoaren Hurbileko magia izeneko ikuskizunaz gozatzeko aukera eduki zuten herritarrek, Altamirako plazan. Jarraian, musikaz girotu zuten Euskaraldiaren hasiera: Kantu-Kantari saoiarekin eta osteko txistulari kantaldiarekin. Musika eta kale giroa beste zenbait txokotan ere gailendu ziren: Mendexan pintxo pote musikatua egoin zuten, eta Lekeition Zaletxuek antolatutako kantupoteoa. Gaur [maiatzak 16] bertan, munitibartarrek ere zuzeneko musikarekin osatuko dute Euskaraldi hasierako irakurketa. Busturiakoa, halaber, ez da Busturialdeko magia saio bakarra izango egunotan: bihar [maiatzak 17], 18:00retan hasita, Tor magoak Hator Magiara ikuskizuna emango du, Morgako ludotekan.
Mutrikuarrek ere, atzo [maiatzak 15] eduki zuten Euskaraldiaren hasiera ekitaldia, Goiko plazan. Lekeitiarrek, ostera, Nautika aurrealdean ekin zioten euskararen jarduera erraldoiari. Asteburuari begira, gainera, denetarikoez gozatzeko aukera aproposa egongo da. Foruan, eskulan tailerra egingo dute J.M. Torrealdai Kultur Etxean, eta bihar [maiatzak 17] kontzertua emango du, 19:00retan hasita eta San Martin elizan, Gontzal Mendibil musikari zeanuriztarrak.
Sukarrietarrek ere prestatu dute egitasmorik asteburu honetarako: Emakumeak eta kartzelak berbaldia emango du, domekan, Josune Muñozek. Ziortza-Bolibarren musika eta bertsolaritza ezkonduko dituzte Josune Aramendik eta Unai Iturriagak; Itsu Koplak ikuskizuna emango dute etzi [maiatzak 18], Simon Bolivar museoan.