Kaleak espazio "seguru eta osagarriak" izan daitezen
Maiatzaren 17ko LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren atarian, Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauen kolektiboak bere ibilbidea errepasatu du, eta aurrez aurre dituzten erronkak plazaratu ere bai.
Egutegia argi-ilunez josita dago. Efemeride esanguratsu asko eta asko, beren izenen erraldoitasunean, isilpeko borroka eta ahaleginen ondorio dira. Eta badira egutegi hori kolorez janztera datozen herritar kolektiboak ere, adibidez, Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauak taldea.
Maiatzaren 17a da Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna, baina horren atzean ostondutako historia ez da harro egoteko modukoa. Izan ere, orain dela oso gutxira —1990era— arte, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualtasuna buru nahasmenen zerrendan zeukan. Gaur egun, oraindik 64 dira homosexualtasuna legalki kriminalizatzen duten herrialdeak. Diskriminazioaren auzia are bortitzagoa da: Nazio Batuen Erakunde barruko hainbat herrialdek, gaur-gaurkoz, orientazio sexualean oinarritutako jazarpena ez dute diskriminaziotzat jotzen.
Borroka transmaribolloarekin lotutako egunak eta lanketa Lea-Artibai eta Mutrikuko “egunerokoan argi markatzea” dute zutabe Desbiauek. Maiatzaren 17ari begira, ez dute ekimen espezifikorik aurreikusten, baina bai, ordea, ekainaren 28ko LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunerako, iaz bezalaxe: “Aurrerantzean zehaztuko dugu aurten zein ekintza egingo dugun. Iaz, Ondarroan pintada batzuk egin genituen, bizimodu heterosexuala modu probokatiboan erridikulizatzeko eta aldarri feministak zabaltzeko”.
“Antolakuntzan lagundu gura duena ondoetorria izango da taldean”
Ekainaren 28rako prestakuntzari dagokionez, taldekideek bilera irekia deitu dute ekainaren 1erako, egun berezi hori antolatzen hasteko. Parte hartu gura luketen Lea-Artibaiko edota Mutrikuko transmaribolloei “kolektibora batzeko deialdia” luzatu diete: “Antolakuntzan lagundu gura duena ondoetorria izango da taldean; kolektiboaren sare sozialetara jo besterik ez du egin behar, gurekin harremanetan jartzeko”.
Eskualdeko kaleak nahitaez “espazio seguru” bihurtu beharra azpimarratzen dute kolektiboko kideek: “Kasu askotan, ez gabiltza biolentzia mota jakin batzuez, arau heterosexualen jatorrizko egoerez baino; funtsean, giltzarria ez da herriak geure aniztasuna onartzea, guk oraindik hain heterosexuala den herria eraldatzea baino”.
“Herri guztietan existitzen da LGTBIfobia, baina, eremurik jendetsuenetan komunitate transmaribolloa sendoagoa denez, haren aurkako erresistentziarako gaitasuna ere handiagoa izan ohi da”
Udalerri txikien “estigma”.
Udalerri handienen —Lekeitio, Ondarroa, Markina-Xemein edota Mutriku— eta gainontzeko txikiagoen arteko arrakalaz galdetuta, azken horien inguruan dagoen “estigma” argitu dute: “Ez dugu uste LGTBIfobia herri txikienetan hauspotzen denik. Herri guztietan existitzen da LGTBIfobia, baina, eremurik jendetsuenetan komunitate transmaribolloa sendoagoa denez, haren aurkako erresistentziarako gaitasuna ere handiagoa izan ohi da”. Hain zuzen, taldekiderik gehienak aipatutako herrigune handi horietako herritarrak dira eta, ondorioz, udalerririk txikienetara heltzea beren “helburu handienetako bat” da.
Baita eskualde arteko saretzea ere. Busturialde mailan, esate baterako, Gernika-Luma kolektiboa dago. “Ez dugu beraiekin hartu-emanik izan, baina oso baliagarria litzateke talde bientzat. Izan ere, pareko egoeretan dauden herritarren borrokak bertatik bertara ezagutzea zeharo baliagarria da taldeen arteko aliantzak sortzeko ere”, adierazi dute.
Aldundiaren “konpromisoa”.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak, #ErrespetatuM17 izeneko kanpaina tarteko, LGTBIfobiaren aurkako “konpromisoa berretsi” du. Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuneko foru diputatu Teresa Laespadak aniztasunaren balio erantsian ipini du fokua: “Bizkaian argi dugu aniztasunak hobe egiten gaituela. Ez dago zalantzentzako eta isiltasunerako tokirik; LGTBIfobia giza eskubideak urratzeko modu bat da. Geure ardura da instituzioetatik borrokatzea, eta egunerokoan ere bai. Errespetua, berdintasuna eta askatasuna ez dira inondik inora negoziagarriak. Horregatik guztiagatik, politika publiko ausartak bultzatzen jarraituko dugu, pertsona guztiei bizitza libre eta duina bermatuz, betiere aitortza, elkar ulertzea eta errespetua erdigunera ekarrita”.
Halaber, Laespadak azpimarratu du azken urteotan Bizkaian gorroto hitz, diskriminazio nahiz indarkeria egoerak “ugaltzen” ari direla eta, alde horretatik, Bizkaiko Foru Aldundiak eskubide zein askatasun oro “bermatu” behar dituela adierazi nahi izan du foru diputatuak: “Horrenbestez, sexu orientazioaren eta identitatearen araberako diskriminazioa baztertzeko helmuga argi eta garbia du kanpainak”.