Antxoa Eguna: “Kalean egoteko eta ondo pasatzeko eguna”
Eguraldi eguzkitsua lagun, ondarrutarrek gaur [maiatzak 17] kaleak hartu dituzte beste behin. Eguerdirako pintxo gutxi batzuk geratzen ziren.

11:30ak. Turruna. Turruna. Turruna. Hasi da Antxoa Eguna. Ez dago seinale argiagorik. Antxoa Eguna gainera kaleko jaia da: “Kalean egoteko eta ondo pasatzeko eguna”. Gaurko [maiatzak 17] moduan eguraldiak laguntzen badu gainera zer esanik ez. Inork ez du nahi etxera joan, ez behintzat pintxoak geratzen diren bitartean, eta bazkalordurako gutxi batzuk geratzen ziren.
Hamalau talde eta 400 kilo antxoa inguru, guztiak Alde Zaharretik banatuta, bakoitza bere postuagaz, askotarikoak denak ala denak. Ondarrutarrek eta inguruko herrietako herritarrek kaleak bete dituzte, asko izan direlako eguzkia ikusita kostaldera hurbildu eta jai giroa topatu dutenak. Aukera izan dituzte askotariko pintxoak eta horiek pasatzeko edariak ere. Adibidez, Tupay Elkarteak Peruko produktuekin egindako pintxo berezia prestatu dute. Jai giroa borobiltzeko musika ez da falta izan. Unanue Musika Eskolako rock konboak kontzertua eskaini du Zubi Berrian. Geldi egon ez direnak trikitilari, pandero eta akordeoi jotzaileak izan dira, jai eremua alaitzen ibili baitira.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Eguerdian asko eta asko Kofradia Zaharreko balkoira begira jarri dira. Aurten ohiko oholtza kendu dute, Antxoa Eguneko kaleko jai giro hori are gehiago nabarmentzeko. 14:00etan atera da balkoira Arantza Burgoa Agirregomezkorta, aurtengo Zilarrezko Antxoa Sariko omendua. Hunkituta agertu da kirolaria, udalak bere kirol ibilbidea omendu eta emakumeak kirolean aritzeko egindako lana aitortu nahi izan dio. Naiara Burgoa Berdintasun zinegotziak berretsi egin du “merezitako” omenaldia: “Lortu dituzun lorpen guztietan Ondarroa eraman duzu mundu guztira eta hori ez dago ordaintzerik. Bestetik, herrian egiten dituzun laguntza eta ekarpen guztiengatik, 2016an aringa-aringa taldea sortu zenuenetik, zuri esker zenbat emakume hasi ote dira kirolean. Adibidez, azken urteetan Lilatoian talde handienaren saria lortu du herriko taldeak”.
Burgoa eskertuta agertu da: “Eskerrik asko herriari eta gaurko egunera heltzeko bidean lagundu didaten guztiei, haiek barik ez nintzatekelako orain naizena izango. Beste urte batzuk bide beretik jarraitu nahi dut herritarren, familiaren eta lagunen indar. animo eta laguntzagaz”.
Askoz gehiago
Egunari amaiera emateko, 21:30ean Oinutsik erromeriak kontzertua eskainiko du Itsasaurren. Horrez gain, bihar [maiatzak 18] ere ez da planik faltako Ondarroan. 10:30ean Trainerilen Euskadiko Txapelketa egongo da badian, eta 12:30ean rock sinfonikoaren kontzertua eskainiko du frontoian Unanue Musika eskolak.





















































