“Maila bikaina” egon da Berriatuko 37. San Gregorio Txapelketan
19. Felix Aldazabal memorialeko finalak jokatu zituzten zapatuan [maiatzak 17], Mendibarren frontoian.

Berriatuko San Gregorio Txapelketa Euskal Herriko afizionatuen zesta-puntako lehiaketa garrantzitsuenetako bat da. Zelan ez, herriko San Gregorio jaietako egitarauaren barruan kokatzen dute zesta eskolak eta udalak. Zapatuan [maiatzak 17] jokatu zituzten bost mailetako finalak Mendibarren frontoian.
Nesken kadete mailan Rocha eta Assane izan zire irabazle Ulibarri eta Bustindui 30-27 mendean hartuta, partida “estu eta politean”. Emakumezkoen nagusien mailan ikuskizun bikaina eskaini zuten lau puntistek. Azkenean, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi hautagai nagusiek lortu zuten txapela, baina gogotik egin behar izan zuten lan Ihart Arakistain eta Maia Goikoetxea mendean hartzeko: 30-23.
Mutiletan, junior mailan, Arrasate eta Bereauk “nahiko errez” lortu zuten garaipena Orkatz eta Aratzen aurka: 30-18. 22 urte azpikoetan, berriz, emaitzak erakusten duena baino partida berdinduagoa jokatu zuten Altzalik eta Argoitia II.ak Txomin eta Enekoren kontra. 30-19 nagusitu baziren ere, partidako lehen zatian “oso parekatuta” joan ziren. Nagusiena izan zen lehiarik luzeena eta gogorrena, pentsa, 10. tantotik 21.era arte guztiak berdindu zituzten. Azkenean, Aaron eta Salegik azken txanpan markagailuan tartea zabaltzea lortu zuten 30-25 gailentzeko.
Oro har, Berriatuko zesta eskolatik txapelketaren balorazio “oso ona” egin dute: “Lehiaketak oihartzun handia lortu du Euskal Herria osoan. Toki guztietako zesta eskoletako puntistak datoz jokatzera eta afizionatu mailan ospe handia dauka. Gainera, aurten guztira 72 parte hartzaile izan ditu eta maila bikaina izan dugu astero. Nesketan puntista onenak izan ditugu eta zesta eskolan ere igoera nabaritzen dugu kopuruan eta kalitatean, oso pozgarria da”. Aurtengo txapelketak gainera Kideren 50. urteurreneko ekintza nagusietako bat izan da, enpresaren egoitzan egin zuten aurkezpena, adibidez.