Mintzakideak batuz, euskarari arnasa emanez
Euskararen biziberritzea mugitzeko asmoz iritsi da Euskaraldia Lea-Artibai eta Mutrikuko bazter guztietara. Hamaika ekintzek dantzan jarri dute euskara sustatzeko ariketa soziala bertan, eta hala jarraituko dute.

Txapa soinean eta hitza ezpainetan jantzita daramate herritarrek. Joan den astean hasi zen euskaradunen aldia, Euskaraldia, eta Lea-Artibai eta Mutriku bizilagunak badabiltza totelka edo arrapaladan doazela, ahots handi edo mehez, ozen zein xuxurlaka, belarriak goxatzen eta mihiak astintzen.
Euskararen biziberritzeak mugimendua behar duela-eta, Euskaraldia elkar mugitzera etorri da aurten. Hala ere, joan den maiatzaren 15ean hasi zen 11 eguneko aldiak ez du amaierarik izango oraingoan: erabileraren aroa ez baita sekula amaitzen. Euskararen aldia egunez egun ekinez transmitizen da, eta eskualdeko herritarrek zein mutrikuarrek gehiago egiteko prest daudela erakutsi dute dagoeneko. “Hiztun komunitate trinko bat gara. Gutako bakoitza, bat gehiago da, are indartsuago, sendoago”, esan zuten Euskaraldiaren hasiera ekitaldietan, han eta hemen.
Euskaraldia da pasioa eta abentura. Ahalegina eta poza. Griña, kemena eta erronka. Eta, orain, eragitea helburu, hitzez ekiteko garaia da: lehenengo pertsonatik eta pluralean, lotsagabe, tinko eta adeitsu.
Horri tiraka, lotsagabe aritu ziren Aulestin, Hikadromoan, eta bertsotan aritu ziren, bestalde, adeitsu eta lotsagabe, Josune Aramendi eta Unai Iturriaga Simon Bolivar museoan.
Hiztun komunitate askotan, gainera, Euskaraldiaren hasiera ekitaldietan bildu ziren euskalzaleak, ¡ Berriatuan, Lekeition eta Munitibarren, kasu. Euskarak toki guztietan egon behar duela-eta, poteoan ere erabili zuten zenbait herritan: Lekeition kantupoteoa egin zuten.
Hala, inertziak irauli eta hitzak partekatuz hizkuntzari hauspoa eman eta ilusioa banatzeko garaian mugilduta daude herritarrak, “euskararen erabilerari jauzia emateko unean”. Ondorioz, superbotereak ematen dituen txapa jantzita, aldartea poztu eta komunitatea puzteko deia egin dute, txapa baita, hitza bezala, askotariko jendea konektatzeko giltza.
Dagoeneko hasi dira hitzez hitz distantziak txikitzen, euskararen lurraldea handitzen, baina geldirik daudenak pausoz pauso mugiarazteko egunak bere horretan diraute, eta horretarako ekintzak ere nonahi aurki daitezke, tartean, asteburuan, Lekeition, Markina-Xemeinen zein Munitibarren. Batera eragingo dute, beraz: gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan.
EGITARAUA
BERRIATUA
Maiatzak 23, barikua.
18:00. Garabide elkartearen eskutik, Kitxua, hizkuntza biziberritze plana hitzaldia, bideo gelan.
LEKEITIO
Maiatzak 24, zapatua.
12:00. Kike Amonarrizen hitzaldia, kultur etxeko Azkue aretoan.
MARKINA-XEMEIN
Maiatzak 25, domeka.
19:00. Euskaldungak antzezlanaz gozatzeko aukera egongo da Uhagon kulturgunean, doan, Tautelak antzerki taldearen eskutik.
MUNITIBAR
Maiatzak 24, zapatua.
11:00. Marraixora ibilaldia egingo dute, herriko plazan hasita.
Ostean, kopaua.