"Arrakastatsua" izan da 11. Ilusio Ponpak jardunaldia
Xabi Osa, Dania Diaz eta Luis Galindo hizlariei entzuteko aukera eduki dute eskualdeko hainbat herritarrek Lea Artibai Ikastetxean. Hizlari nahiz antolatzaileek "ilusioaren betaurrekoak" janzteko deia egin diete bertaratutakoei.

Urteroko ilusio dosia banatu du eskualdeko biztanleen artean Lea Artibai Ikastetxeak. Ilusio Ponpak jardunaldiaren 11. aldia ospatu zuten atzo [maiatzak 19] ikastetxeko auditorioan, eta antolatzaileen esanetan, “arrakastatsua” izan da aurtengoa ere.Â
Ekitaldiari hasiera Noelia Barruetabeña ikastetxeko zuzendariak eman zion. Bertaratutakoei nahiz hizlariei eskerrak emateaz gain, “ziurgabetasunaren aurrean jarrera positiboa izatearen garrantzia” aldarrikatu zuen Barruetabeñak. Horretarako, goi mailako hiru hizlari entzuteko aretoa goraino bete zuten bertaratutakoek; Xabi Osa eliteko kirolari eta coacharen, Dania Diaz ilusionistaren eta Luis Galindo enpresa lidergoan eta coachingean adituaren bizi esperientziak ezagutzeko aukera eduki zuten.
Osa debarra izan zen eguneko lehen hizlaria: “Jaiotzatik desgaitasun fisiko bat duen arren, mugak buruan dituela erakutsi zuen bere hitz eta bizipenen bidez”. Hori horrela, umea zenetik gaur egunera arte egindako bidea partekatu zuen Osak, bizitako erronkei zelan egin dien aurre azalduz: “Beldurrak eta lotsak markatzen zituen bere egunerokotasunak bultzatuta espiral ilun batean erori zen, baina pertseberantziari esker eta baldintzarik gabe lagundu eta animatu zuten pertsonez inguratuta, hortik ateratzea lortu zuen”. Harentzat “funtsezkoa” den esaldietako batek barnebiltzen du hitzaldia: “Kontua ez da lortuko dudan ala ez, baizik eta zenbat aldiz saiatuko naizen hori lortzen”.

Xabi Osa, atzo [maiatzak 19].Lea Artibai Ikastetxea
Bigarren hitzaldia, ostera, Diaz ilusionista venezuelarrarena izan zen. “Irribarreak eta harridura” piztu zituen Diazek ikusleen artean. “Anekdota pertsonalak magia efektu ikaragarriekin nahasteko duen abilezia handia erakutsi zuen, aurrez aurre zuen publikoa txundituta utzi duelarik”, azaldu dute antolatzaileek. Magia egin, eta magiaren parte izatera gonbidatu zituen bertaratutakoak: “Magia efektu harrigarrien bidez, eta une oro bere kartekin lagunduta, emanaldiko publikoa partaide egin zuen, eta haien inplikazioarekin jardun zuen emanaldi osoan”.

Dania Diaz.
Jarrera, giltzarri. Jardunaldiagaz amaitzeko, Galindo zaragozarra igo zen oholtzara. Igo baino, jaitsi egin zen oholtzatik, ikusleen begiak parez-pare edukitzeko asmoz; biribilean ipini eta euren sentimenduak azalera ateratzeko gonbita luzatu zien Galindok. Bere bizi esperientzietaz baliatuta, egunerokotasunean jarrerak duen eragin positiboa nabarmendu zuen: “Eguneroko bizitzaren alderdi bakoitzean jarrerak nola eragiten duen hausnartzeko, pentsamolde positiboak erronkak aukera bihur ditzakeela erakutsi zuen”. Bereziki azpimarratu zuen ikuspegi baikorraren indarra, eta hausnartzera ez ezik, aldaketa txikiak eginez bizitzari ikuspegi baikorragaz begiratzeko hainbat giltzarri eman zituen Galindok.
Hain zuzen ere, horixe izan zen Lea Artibai Ikastetxeak aurten banatu duen oparia: ikuspuntu baikorra bilatzeko eguzkitako betaurrekoak. “Betaurrekoek gogorarazten digute munduari begiratzeko dugun moduan dena alda dezakeela. Izan ere, ilusioaren betaurrekoak janzten ditugunean, oztopoak txikiago ikusten dira, erronkak aukera bihurtzen dira, eta bidea, luzea izan arren, zentzuz betetzen da”, aldarrikatu zuten antolatzaileek. Era berean, hizlariek ere, opari bana jaso zuten: “Teleskopio txiki bat eman nahi dizuegu, haratago begiratzeko gaitasuna edukitzeagatik, eta bidean aldapa gora hasten denean begirada altxatzeagatik”. Eskerrak emanaz amaitu zuten jardunaldia: “Eskerrik asko guztioi, eta ez kendu inoiz munduari ilusioz begiratzeko betaurrekoak, ilusioa dagoen tokian bidea baitago”.








































































