III. Euskal Jaia ospatuko dute zapatuan Markina-Xemeinen
11:30ean hasiko dute jaia, eta goizeko jardunaren ostean, arratsaldean erromeria egingo dute. Zerutxu Dantza Taldekoez gain, Lekeitioko Etorkizuna, Berrizko San Lorentzo eta Mallabiko Gazte Alaiak dantza taldeek parte hartuko dute goizeko emanaldietan.
Bi urteren ostean, bueltan da Euskal Jaia Markina-Xemeinera. Izan ere, aurreko bi aldietan bezala, aurtengoan ere Zerutxu Dantza Taldeak antolatuta III. Euskal Jaia ospatuko dute zapatuan [maiatzak 24]. 11:30ean hasi eta egunak ez du etenik izango iluntzera arte.
Guztira 100 dantzari inguru batuko ditu egunak, eta Zerutxuko dantzariek ez ezik, beste hiru taldek ere parte hartuko dute: Lekeitioko Etorkizuna, Berrizko San Lorentzo eta Mallabiko Gazte Alaiak dantza taldeek, hain zuzen ere. 11:30ean kalejiragaz hasiko dute eguna denek, bi taldetan banatuta: “Arkupe ingurutik aterako da kalejira, eta taldeetako bakoitzak herriko hainbat tokitan dantzan egingo dute”. 12:30 inguruan, ostera, bi taldeak batu, eta Zelaira kalejira bateratuan helduko dira; han, ekitaldi nagusia egingo dute, 13:00etan. Bazkalostean, aldiz, dantza egin nahi duten denei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek, izan ere, erromeria egingo dute Izarra eta Alaitzen eskutik, Arkupe parean; euria egingo balu, Kontzejupean egingo dute erromeria, eta dantzak, Plazabarripean.
Bi urtez behin. Azken Euskal Jaia 2023an antolatu zuen Zerutxuk: “2022an Zerutxuko nagusiok parte hartu genuen, eta Arrasateko Lore Gazteak taldekoak gonbidatu genituen. 2023an, aldiz, Zerutxuko umeek egin zuten dantzan, eta Ermuko eta Arrasateko dantzariak gonbidatu genituen”. Aurten Zerutxuko 6 eta 14 urte bitarteko ume eta gaztetxoek parte hartuko dute, eta azaldu dutenez, hemendik aurrera bi urtez behin antolatzea da asmoa: “Urtero halako egun bat antolatzea lan karga handia da guretzat, ze, boluntarioak gara, eta lan gehigarria egin behar izatea eskatzen digu. Horregatik, pentsatu genuen bi urtetik behin egitea hobeto egongo litzatekeela, denok ere, gogotsuago hartzen dugulako. Horrekin batera, bi urtetik behin egiten dugun Zerutxuko ekitaldi nagusia eta Euskal Jaia urte desberdinetan egiten saiatu gara, eta ekitaldi hori iaz egin genuen”. Hala, urte batean ekitaldi nagusia edukiko dute, eta hurrengoan, Euskal Jaia.
Lan gehigarria eskatzen dieten arren, jaia mantendu egin nahi dute Zerutxukoek. Izan ere, umeek urtean zehar ikasitako dantzak herrian bertan erakusteko aukera bakarrenetarikoa da Euskal Jaia: “Udan auzoetan nahiz alboko herrietan egiten dugu dantzan, baina Markina-Xemeinen bertan erakusteko aukera bakarrenetarikoa hau izaten da. Herritarrei nahiz ingurukoei etortzera animatu nahi diegu, polita izango da gure umeek ikasitakoa eurei erakutsi ahal izatea. Eta arratsaldean ere, erromerian giro polita egotea espero dugu”.