Natura, zientzia eta kultura izango dute ardatz 16. Europako Geoparkeen astean
Maiatzaren 23tik [barikua] ekainaren 1era [domeka] Europako Geoparkeen astea ospatuko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Urtero legez, ekimen "ugari" antolatu ditu.

Urtero legez, ekimen “ugari” antolatu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak Deban, Mutrikun eta Zumaian, hamaseigarren Europako Geoparkeen asterako. Barikuan [maiatzak 23] emango diote hasiera, eta natura, zientzia eta kultura ardatz izanda, ekainaren 1era [domeka] bitartean askotariko ekimenak egongo dira; besteak beste, Geotalks saioa, Biotop txago botanikoa, eta beste zenbait lehiaketa eta tailer.
Europako Geoparkeen astea, Euskal Kostaldeko Geoparkean ospatzeaz gain, Europako beste 113tan ere ospatzen dela jakinarazi dute antolatzaileek: “Tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera ematea eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea dira ekimenaren helburu nagusiak”.
Hamar egun, hamaika ekimen. Hamar egunetan zehar ekimen ezberdinak antolatu dituzte, eta guztiak doan izango direla azpimarratu dute. Hala ere, aurretiaz izena eman beharko da batzuetan, “kode-sistema erabilita edota formularioak beteta”.
Barikuan [maiatzak 23] izango dute lehenengo hitzordua, Saguzarren gaua deituriko ekimenarekin. Saguzarrak ezagutu eta ekosistemetan duten funtzioa eta garrantzia azpimarratzea da ekimenaren helburua, eta Deban egingo da, 21:00etan. “Erakusketa eta detekzio-irteera egingo dira, publiko orokorrari zuzenduta, eta umeekin egiteko ekimen aproposa da”. Gehienez 30 laguneko taldea osatuko dute, eta aurretiaz eman beharko da izena, Geoparkeko webguneko galdetegia beteta edo Debako turismo bulegoan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, bi zati izango ditu jarduerak; lehenengo aditu batek azalpenak emango diu, eta ondoren, ibaiaren inguruan, zubia zeharkatu eta ibilbide bat egingo dute, saguzarrak entzuteko: “Ibai inguruak leku onak izaten dira saguzarren aktibitatearen lekuko izateko. Eguraldia segurua ez bada, bertan behera utzi behar da, euriarekin ez baitira apenas mugitzen”.
Zapatuan [maiatzak 24] Geoparkeko bira egingo dute, Mutrikutik Deba arteko etapa eginez: “Geoparkea osorik zeharkatzen duen 54 kilometroz osatutako oinezko ibilbide zirkularra da Bira, eta iazko Geoparkeen Astean ibilbide honen Deba-Zumaia etapa egin zuen herritar talde baten. Beraz, aurten, hiru etapetako beste bat egingo dugu: Mutriku-Deba”. 16,6 kilometroko ibilbidea da, eta sei ordu inguruan egiteko modukoa. Goizeko 09:00etan aterako dira mendizaleak Mutrikutik, eta Olatz bailarako Zelaieta ostatuan geldialdia egin ostean, Debako bidea hartuko dute. Irteeran parte hartzeko izena eman beharko da: Geoparkeko webgunean edo Mutrikuko turismo bulegoan.
Domekan [maiatzak 25] El enigma del euskara bisita berezia eskainiko du Geoparkeak. Zumaiako alde zaharrean egiten den bisita gidatua da honakoa, “euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolaren eta tradizioen alderdirik ezezagunenak erakusten dituena”.
Hurrengo hitzordua maiatzaren 27an [martitzena] edukiko dute, eta asteko ekimen “garrantzitsu” gisa izendatu dute. Geotalks izeneko ekimenaren seigarren aldi honetan, Miguel Delibes de Castro biologoa egongo da Zumaiako Aita Mari antzokian, Asier Hilariorekin batera. “Gracias a la vida lelopean, biologo ospetsuak naturaren eta gizakiaren arteko harreman estuaz hitz egingo du Geoparkeko zuzendari zientifiko Hilariorekin”. 18:45ean irekiko dira ateak, eta 19:00etan hasiko da saioa. “Doakoa izango da, edukiera bete arte”.
Maiatzaren 29an [eguena] Geoparkeko batzorde zientifikoa indarberritzeko eguna izango da antolatzaileentzat; hortaz, partaide berriek egun osoko bilkura egingo dutela jakinarazi dute, “komisio berriaren dinamika osatzeko”. Maiatzaren 31n [zapatua] Flyscha haurrekin tailerra egongo da, 16:00etan, Mutrikuko Nautilus gela didaktikoan. Honetarako ere izena eman beharko da Geoparkeko webgunean.
ekainaren 1ean [domeka], Europako Geoparkeen asteari amaiera emateko, Biotop irteera antolatu dute: “Aranzadi Zientzia Elkarteko aditu batek gidatuko du txango botanikoa. Parte hartzaileek Artzainerreka bailara gertutik ezagutzeko aukera izango dute, batez ere, ibar basoaren landarediari, goroldioei, iratzei eta hepatikoei bereziki erreparatuta”. Txangoa euskaraz izango den arren, taldea osatuko balitz gaztelaniaz ere egingo litzateke. Mutrikuko Mijoa auzoan hasiko dute irteera interesdunek, 10:00etan, eta goiz osoko irteera izango da. Honetarako, aurretiaz izena eman beharko da, Mutrikuko turismo bulegoan edo Geoparkeko webgunean.
Bestelako ekimenak. Bestalde, asteak irauten duen bitartean beste zenbait ekimen eta lehiaketa ere antolatu dituzte. Maiatzaren 23tik ekainaren 1era bitartean, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoa eta Zumaiako Natur Baliabideen Algorri Interpretazio Zentroa irekita egongo dira, ohiko ordutegian, eta bisita doan izango da. Horrez gain, barikutik maiatzaren 29ra bitartean, bigarren mikroipuin lehiaketa martxan egongo da: “X sare sozialean argitaratu ahal izateko kontakizun laburrak aurkeztu beharko dira literatur lehiaketa honetara. Geoparkea, denbora zain daukazu gaia hartuta, gehienez 250 karaktere izango dituzten lanak lehiatuko dira, edozein literatura generotakoak”.
Amaitzeko, Geoparkeak Juan Luis Zabala Artetxe idazlearen sakoneta liburuaren 10 ale utziko ditu Debako, Mutrikuko eta Zumaiako txoko ezberdinetan: “Liburuak banaka eta plastikozko poltsen barruan sartuta sakabanatuko ditugu. Irakurgaiaz gain, hainbat sari irabazteko aukera izango dute altxor ehiztariek. Batetik, liburu barruan bonua aurkitzen duenarentzat bi lagunentzako Geoparkeko bisita gidatu bat. Bestetik, bertako produktuekin osatutako GeoGourmet Gozoa sota ederra zozketatuko da liburuak aurkitu eta gure telefonora haien argazkiak partekartzen dituztenen artean”
Informazio gehiago Euskal Kostaldeko Geoparkeko webgunean aurkitu daiteke.
EGITARAUA
- Barikua, maiatzak 23
- 21:00: Saguzarren gaua, Debako Alamedako kioskoan.
- Zapatua, maiatzak 24
- 09:00: Geoparkeko biraren bigarren etapa: Mutriku-Deba. Mutrikuko portutik aterata.
- Domeka, maiatzak 25
- 11:00: El Enigma del euskara bisita gidatua. Zumaiako Turismo bulegotik aterata.
- Maiatzak 27, martitzena
- 19:00: Geotalks saioa, Miguel Delibes Castrorekim, Geoparkeko zuzendari den Asier Hilariok zuzenduta. Zumaiko Aita Mari antzokian.
- Maiatzak 29, eguena
- Geoparkeko Batzorde Zientifikoaren eraketa.
- Maiatzak 31, zapatua
- 16:00: Flyscha haurrarekin tailerra, Mutrikuko Nautilus gela didaktikoan.
- Ekainak 1, domeka
- 10:00: Biotop landa irteera, Mutrikuko Mijoa auzotik.
- Maiatzak 23-ekainak 1:
- Ate irekiak, Nautilus Ikasgune geologikoaneta Algorri Interpretazio zentroan, ohiko ordutegian.
- Maiatzaren 23tik 29ra:
- II. Mikroipuin Lehiaketa.
- Maiatzaren 23tik aurrera:
- Juan Luis Zabala Artetxeren Sakoneta liburua txoko ezberdinetan.