Garazi Navarro, Basaurin garaile
Garazi Navarro Ugarteburuk Udabarria Bertsotan zikloaren azken-aurreko jardunaldiko bi saioetako bat irabazi du, Basaurin. Gaur-gaurkoz, amorotarra B multzoko sailkapeneko bigarren postuan dago.

Udaberria aurrera doan heinean, Udabarria Bertsotan zikloa ere bere bidea egiten ari da. Atzo [maiatzak 22] lehiatu zituzten, Ermuan eta Basaurin, Bizkaiko Bertsolari Txapelketareko sailkapen lehiaketaren azken-aurreko jardunaldiari zegozkion bertso saio biak. Basaurikoan, Garazi Navarro Ugarteburu amorotarra nagusitu zen; Ermuan, ostera, Izaro Bilbao Arostegi mungiarra.
Saio biak ala biak, orain arte bezalaxe, aldi berean lehiatu zituzten. Basauriko Ibaigane kultur aretoan, Navarrok taularatu zuen B multzoaren bertso saioko mailarik handiena, eta 191 puntu poltsikoratuta eskuratu ahal izan zuen garaipena. Bere ondoren, bigarren eta hirugarren postuetan, Paule Ixiar Loizaga Legarra sopeloztarra (183,5 puntu) eta Enare Muniategi Etxabe arteagarra (182 puntu) sailkatu ziren, hurrenez hurren. Aitor Esteban Etxebarria erromotarrak (180,5 puntu), Kerman Diaz Franco urruñarra (177,5 puntu) eta Iker Garitaonaindia Astigarraga arrigorriagarra (177 puntu) sailkatu ziren.
Ermuko Lobiano kultur guneko A multzoko saioan, berriz, Bilbaok 183 puntuko uzta lortuta patrikaratu zuen garaipena, 166,5 lortu zituen Iker Uriarte Urrutia bermeotarra eta 165,5 jasotako Garikoitz Sarriugarte Onaindia zaldibartarra menpean hartuta. Ondoren, Peio Molinuevo Martin arrigorriagarra (165 puntu), Jon Martinez Beaskoetxea zallarra (147 puntu) eta Ana Picallo Perez bilbotarra (131,5 puntu) sailkatu ziren.
Behin-behineko sailkapenei helduta, A multzoan Asier Galarza Arostegi muxikarra dago buruan, 183 punturekin; Maite Sarasola Isazelaia deustuarra eta Bilbao bera dira, hurrenkeraz, bigarrena eta hirugarrena. B multzoko lidergoa, aldiz, Imanol Uria Albizuri algortarraren esku dago egun, 212 puntu patrikan dituela. Sailkapenean atzetik ditu, batetik, Navarro eta, bestetik, Jone Larrinaga Dañobeitia mungiarra.
Azken txanpa.
Datorren eguenean [maiatzak 30], Gautegiz Arteagak eta Plentziak hartuko dituzte Udabarria Bertsotan kanporaketaren azkenengo saioak, horiek ere 18:30ean hasita. Saio horiek amaitzearekin batera osatuko da, horrenbestez, Bizkaiko Bertsolari Txapelkertarako sailkatuen zerrenda.