Dantzariek plazak hartu dituzte, III. Euskal Jaian

Domekan Lekeitio izan zen Bizkaiko dantza taldeen topagune, eta milaka dantzarik koloreztatu zuten herria. Gaur [maiatzak 24], berriz, Markina-Xemeingo plazak eta kaleak bete dituzte Bizkaiko lau dantza taldetako kideek. Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeko, Lekeitioko Etorkizunako, Berrizko San Lorentzoko eta Mallabiko Gazte Alaiak taldeko dantzariek bat egin dute III. Euskal Jaian. Domekan Lekeition bezala, gaur ere eguraldi eguzkitsua lagun, giro bero bezain alaia zabaldu dute Markina-Xemeingo txokoetan.
Izan ere, 11:30ean kalejiran irten dira, bi taldetxotan banatuta. Eguerdiko ekitaldi nagusirako beroketa saioak egin dituzte herriko plazetan. Han eta hemen, publikoak bero hartu ditu, txalo artean. 12:30an, Bikaleko plazatxoan elkartu dira bi taldetxoak, eta Zelairainoko bidea hartu dute. Bertan, 13:00ak aldera hasi dute III. Euskal Jaiaren ekitaldi nagusia. Agintarienagaz ekin diote erakustaldiari. Ezpata joko txiki, banangoa, txontxongili, domingilo, arku dantza, txantxoak, txulalai… Dotore dantzatu dituzte denak ere, eta ikusleek txalo zaparradekin eskertu diete euren esfortzua. Eta emanaldia amaitzeko, fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte. Saioa agurtzeko, gainera, irakasleak ere batu zaizkie.
6-14 urte bitarteko 100 bat dantzariren elkargune izan da Zelaia, eta arratsalderako ere jai giro ederra espero dute. 17:00etan, Izarra eta Alaitzekin erromerian elkartuko dira. Zerutxu Dantza Taldeak antolatu du Euskal Jaia, eta antolakuntzako lantaldeak esker ona erakutsi du: “Giro oso polita egon da, eta espero baino jende gehiago elkartuko gara. Dantza taldekoak ez diren umeak ere baserritar arropekin eta kaikuekin jantzita agertu dira, eta ez genuen espero. Oso polita izan da. Eguraldia ere lagun eduki dugu. Goiza polita izan da, eta arratsaldean jarraituko dugu, erromeriagaz”.
























































































































































































































































































































