Brontzezko hiru domina eta zilarrezko bat lortu dituzte Espainiako Trainerilla Txapelketan
Galizian izan da Espainiako txapelketa. Isuntzak lortu ditu brontzezko hiru dominak, eta Ondarroak, aldiz, zilarrezkoa.

Galiziako A Pobra do CaramiƱal herriak hartu zuen atzo [maiatzak 25] aurtengo Espainiako Trainerilla Txapelketa, eta bertan izan ziren Ondarroako eta Lekeitioko arraunlariak ere; lekeitiarrek brontzeko hiru domina eta ondarrutarrek zilarrezko bat irabazi dituzte.
Lekeitioko neskek gazteen nahiz kadeteetan mailetan eskuratu zituzten brontzezko dominak. Gazteei dagokienez, 3.500 metroko lehian parte hartu zuten, eta 16:36,47ko denbora eginda amaitu zuten txapelketa Pasai Donibaneren (16:30,97) eta Cabo de Cruzen (16:22,54) atzetik. Kadeteek, aldiz, 1.750 metro egin behar izan zituzten arraunean, eta Tolosaldearen (07:57,76) eta Zumaiako Telmo Deunen (08:06,53) atzetik amaitu zuten, 08:11,12ko denbora eginda.
Isuntzaren hirugarren brontzea eta Ondarroa Arraun Elkartearen zilarra, gizonezko gazteek eskuratu zituzten. 3.500 metro egin zituzten arraun, eta Pasai Donibane soilik geratu zen euren atzetik, 14:23,31ko denbora eginda. Ondarrutarrei dagokienez, lehenengoak baino zazpi segundo gehiago baino ez zituzten behar izan estropada amaitzeko (14:30,48). Lekeitiarrak, ostera, ondarrutarrengandik bost segundo ingurura geratu ziren, eta Pasai Donibanerengandik hamabira (14:35,91).